[Itsaso Zubiria Etxeberria] Koop Fabrikaren bigarren edizioa da aurtengoa. Ekonomia Sozial Eraldatzailean oinarritutako proiektuak sortzeko edo berrantolatzeko ikastaroa da.
Izenak berak argitzen duenez, kooperatiba ereduen inguruko formazioa jasotzen dute bertaratutakoek, formazio teoriko trinkoa, astean hiru egunetan, bi hilabetez. Praktika errealak ere ezagutzen dituzte tartean, baina. Esaterako, Koop Fabrikaren lehen urtean egin zuten ARGIAren Lasarte-Oriako egoitzara bisita eta etxe honetako trapu zahar eta berriak erakutsi zitzaizkien ikasleei.
Aurtengo edizioan Iruñeko Katakraken egin dute hamar ESE proiekturen aurkezpena. Gainera, aurreko urtean ez bezala, ikastarotik kanpoko jendearentzat ere irekiak izan dira. Burujabetzaren inguruko saio bat ere egin dute, eta martxoaren erdialdera Kataluniatik gerturatutako 30 bat lagunekin ere elkartu dira esperientziak partekatzeko.
Berrogeita hamar lagun inguru ari dira 2018ko Koop Fabrikan, 30-35 proiektu eskuartean. Batzuek jada proiektua martxan dutenak eta haren izaera birdefinitu edo ESE eredura gerturatu nahi dutenak, beste batzuk proiektu bat buruan forma eman nahi eta aholkularitza bila gerturatutakoak, proiektu bat buruan hasi eta aldatu dutenak, beste kide batekin edo batzuekin elkartuta proiektu bat antolatzen ari direnak… Denetarik dago.
Hernanin eta Eskoriatzan jaso dute formazio nagusia, oinarria; formazio teorikoa, tresnen ezagutza… Baina lau eskualdetan badira, dagoeneko, antolatzaileek “hazitegiak” deitzen dituztenak: Buruntza-Beterri, Debagoiena, Oarsoaldea eta Bidasoa. Horrela, bakoitza bere eskualdean aplikatzen hasten da, hasieratik, formakuntza orokorrean jasotako informazioa. “Proiektua lurraldeari lotuta egoteak berebiziko garrantzia du”, dio Beñat Irasuegi Koop Fabrikako kideak. “Ez da ekintzailetza tradizionalak, kapitalistak, egiten duen bezalakoa: negozio ideia bat izan, bideragarritasun plana egin eta listo”, jarraitzen du, “beste alderdi asko izan behar dira kontuan, eta horietako bat da lurraldea. Eta bideragarritasuna garrantzitsua bada ere, ari gara, pixkanaka, proiektuaren bizigarritasuna edo barne-zaintza bezalako balioak barneratzen”.
Bigarren parteak sekula ez omen dira onak izaten. Hau hobetuta iritsi da!