Zuriek azal beltza aukeratu dute

argia
0

Gogoan du umea zela (ez dakit zein arrazoirengatik ibiliko zen egun hartan haurra ARGIAko bulegoetan) orduan astekariaren azalak prestatzen zituen Garbiñe Ubedak galdetu ziola bi argazkitatik zein zuen gustukoen, portadarako zela eta aukeratzen utziko ziola. Neska txiki hark gehien liluratu zuen irudia adierazi zion hatzez kazetariari. Sekula ez du jakin berak aukeratutako argazkia jarri ote zuten azalean, benetan ari ote zen emakume hura; baina barru-barruan badu poz txiki bat, behinola ARGIAren azala berak aukeratu izanarena.

Neskato hark ez du inoiz gehiago aldizkariaren lehen orriko argazkirik aukeratu, baina aste honetakoaren aukeraketa berezia izan da, argudio askoz betea, eta ARGIAko lantaldeak esplikatu egin dio zergatia.

Erredakzio bileran, lehian bi aukera (biak Dani Blancoren argazkiak): alde batean Lluis Llach kantautore kataluniarrari egindako elkarrizketari lotutakoa: Herrialde Katalanetako kantagintza berriaren figura garrantzitsuena agian, Junts pel Sí-rekin diputatua izan dena, Kataluniako egoera pil-pilean dagoen aste batean… Beste aldean Bilboko kale-saltzaileek bizi duten egoerari buruzko erreportaje baten eskutik etorritakoa: gure herrian bizitzeko arazo ugariren artean azkena, irabazten dutena baino gehiago kotizatzea eskatzen dietela, osterantzean paperik gabe utziko dituztelako. Baina antolatuta daude, eta euren lana legeztatzeko eta ahalik eta baldintza onenak lortzeko lanean ari dira.

Ikusi duzu noren aldera egin duen azkenean balantzak, ezta irakurle?

Arrazoiak: ARGIAri publikoki proiektatzen duen “gutasuna”ren inguruan gogoeta egitea dagokio. Egiten dituen erreportajeetan, artikuluetan, azalean… nolakoak dira agertzen diren “gu” horiek? Euskal jendarteko errealitatearen ispilu al da? ARGIAren lehen orrian gutxitan ikusi dugu zuria ez den inor, eta hor arrazoi bat. Hedabide handietan ikusezinak diren kolektibo, gai eta gatazkei protagonismoa ematea ere bada proiektu komunikatibo honen xedea, baina hurbilen tokatzen diren gaiak landuta erosotasunean geratu eta urrunagokoak alde batera uzteko arriskua ere badu horrek. Kasu honetan ere, balantza Bilbora, urrutiago tokatzen den ertza dela ulertuta, gutxi landu dugun afera, eta ARGIAk gertuago izan nahi duen kolektiboa.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA