Antza: 30 urtez bidelagun

argia
0
Eskuinean ikus dezakegu makina berria. Argazkia: Dani Blanco.

[Itsaso Zubiria] ARGIA ez litzateke ezer lagunik gabe, komunitaterik gabe, Argia Jenderik gabe, ingururik gabe, babesik gabe. Zu zara babes horren parte, irakurle, eta zuk bezalako ehunka pertsonak osatzen duzue Argia Jendea; harpidedunek, Internetez jarraitzen gaituztenek, tabernan edo kontsultaren batean irakurtzen gaituztenek… Baina enpresen arteko babesa ere ezagutzen du ARGIAk, eta horietako bat da Antza. 30 urte betetzen ditu oraintxe, antza.

Kooperatiba egitura duen inprenta honetan bota da ARGIA astero azken hiru hamarkada hauetan. Bota da eta botatzen da. 80ko hamarkada hartan ARGIAk fotokonposizioko talde bat zeukan, eta eskuz muntatzen zen aldizkaria. Baina Tamayo inprenta erosteko aukera suertatu zen, eta astekariaren biziraupena bermatu eta Euskaldunon Egunkaria sortzeko balio zezakeela uste izanda, ARGIAren bueltako lagun-talde baten mailegu bitartez eman zuten inprentarako saltoa. Antza.

Hamar bat langilerekin jarri zen martxan kooperatiba berria, ARGIArekin espazioa partekatzen zuela. Gaur egun Lasarte-Orian jarraitzen dute, orain espazio desberdinetan, baina parez pare bi lantegiak; eta Antzak hemeretzi langile ditu. Ekarri berri dute, gainera, makina berri bat automatismo eta teknologia berrien bidez langileen baldintzak eta produktuaren kalitatea hobetzea espero dutena.

Handiagoak erori dira eta txikia tente

“Hogeita hamar urte hauetan krisi edo kolpe bat baino gehiago izan dira, eta enpresa handi eta itxuraz indartsuagoek ez diote eutsi. Nola da posible Antza bezalako enpresa txiki bat, gora-beherak gora-behera, tinko mantentzea?”, izan da nire galdera. Hitz bitan erantzuna: langileen konpromisoa. Kapitalik gabe, mailegu eta zorrak dituzten enpresek beharrezko dute lantalde konprometitu eta solidarioa. Eta kudeaketaren aldetik, diote, “ondo ulertutako austeritatean bizitzea da oinarri”. Hori da euren susmoa behintzat.

Hasieran esan moduan, enpresen arteko elkartasuna, babesa ere garrantzitsua da momentu zailetarako. Zein garrantzitsua den ARGIA Antzarentzat hilabeteroko lan bat bermatuta izateko; eta alderantziz, zein inportantea den ARGIArentzat inprenta hau bidelagun izatea, ordaintzeko arazorik egon denean hobe izaten baita bankuarekin negozioetan ibili ordez lagunarekin hitz egin eta tratu batera iristea. Zein garrantzitsua den biak ala biak zutik mantentzea. Antza ere Argia jendea da.

Urte askotarako!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA