Hamaikakoa osatu dugu

argia
0
Amaia Lekunberri, ARGIAko langilea.

[Itsaso Zubiria] Ezker hegaletik, Amaia Lekunberri markinarra jaun-andereok; ARGIAren udaberriko fitxajea. Abisatu nizuen aurrekoan kide berri bat izango genuela laster gure artean, eta izenik eman ez banizuen ere pista anitz baziren testuan. Hasia da taldean lanean, eta dagoeneko bota ditu txut batzuk sarera. Ilusioz eta gogotsu iritsi da Lasarte-Oriako egoitzara eta laster ikusiko duzue aldizkariko orrietan bere izena, ziur.
Hautaketa prozesuaz aritu nintzaizuen orain bi ale, ARGIAko lantaldearen irizpideez; baina orain Amaiarekin berarekin hitz egiteko aukera izan dut, martxan hasi eta astebetera.

Kazetaritza ikasia zara, baina lehen aldiz hartu duzu hori lan profesional moduan, ezta?

Bai, hemezortzi urterekin ikasketak aukeratzerakoan kazetaritzaz nuen iritzia beste bat zen; erromantikoagoa, agian. Baina karreran zehar irudi hori erortzen joan zitzaidan pixkanaka eta desmotibatzen joan nintzen.

Beste ate batzuk irekitzea erabaki zenuen.

Ikerketa feministan jardun dut lanean, besteren artean. Baina tarte horretan nire aldetik ere egin ditut kazetaritza lanak; Argia.eus-eko Arma tiro klik bloga da horren erakusle.

Zertara dator hedabideen mundura saltoa orain?

Kazetaritza ulertzeko dudan moduarekin gutxik bezala bat egiten du ARGIAk, eta Euskal Herrian erreferentetzat dut. Ez neukan edozein komunikabidetan lan egiteko asmorik, baina aukera hau suertatu zen, eta probatu beharra neukan. Eta hara!

Erreferentetzat duzun horren parte ere bazara zu gaur. Zer duzu eskaintzeko?

Lehenik asko dut ikasteko, baina emateko ere badudan ustea dut. Sinesten dudan proiektu bat da ARGIA, gustuko dut egiten duen lana eta lana egiteko duen modua; eta bertan nire aletxoa jartzen ahaleginduko naiz. Bizkaitik arituko naiz, gainera, eta lurraldetasunak ere izango du pisua nire lanean.

Zer gaitan topatuko zaitu irakurleak?

Eroso sentitzen naiz feminismoaren munduan, asko landu izan dudan gaia da eta izugarri interesatzen zaidana. Hortik abiatuta, gizarte gaietan ikusiko du sarri nire sinadura irakurleak.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA