[Itsaso Zubiria]
Azokan beti egoten da zerbait erosteko aukera. Gustukoa bilatu behar! Baina gustukoa bilatuta ere, normalean burura datorkigun lehen gauza prezioa izaten da; “zenbat balio ote du?”. Diru-logikatik haragoko harremanak ez dira ohikoenak gure merkatuetan. Eta ARGIAri ohikoa, usu, ez zaionez erakargarriegi egiten, ez-ohikora jotzen du. Sareko bere Azokan badu tartea muxutruk eman edo hartzeak, eta espazio hori geroz eta gehiago zabaltzea du helburu.
Proiektu berria da eta hilabete gutxi batzuk dira martxan jarri zela, baina dagoeneko Azoka ari da emaitzak ematen eta gustura dago lan-taldea. Mugimendua dabil, saltsa, salgai dagoen zerbait begiratu, muxutruk eskaintzen dena zer den ikusi… Eta egunero izaten da salmentaren bat. Hori garrantzitsua da bai ARGIArentzat, atalak funtzionatzen duen eta bizirik dagoen seinale; baita saldu edo eman nahi duenarentzat ere, mugimendurik ez dagoen lekuan zorte handia beharko baitu bere gaia saldu edo emateko. Katuak, txakurrak, korrika egiteko zinta, liburuak edo jatetxe batean otordua bezalako gauzak topatu izan ditut nik muxutruk ARGIAren Azokan. Pentsa zenbat gauza desberdin!
Bizi Baratzeko marrazkiak
Azokak hasieran izan duen mugimendu horri eutsi eta indartu nahi du ARGIAk bigarren kolpe honetan. Horretarako, Bizi Baratzea proiektuan lanean ari diren marrazkilarien laguntza baliatuko du. Jakoba Errekondoren hitzaldietan marrazkilariek momentuan egiten dituzten marrazkiak daude mimo handiz gordeta ARGIAn (100 bat marrazki), eta astero horietako bi lamina ARGIA jendearentzat muxutruk jarriko dira, nahi duenak eskura ditzan.
Osteguna izango da Azoka eguna. Astero ARGIAk bi marrazki zintzilikatzeaz gain (mesedez, ez dezala bilduma osoa pertsona berak hartu!), edonork igo dezake muxutruk emateko zerbait nahi duen momentuan; eta ostegunetan Azokan muxutruk eskaintzen diren gaien zerrenda zabalduko da sarean.
Jendea ez omen dago ezer emateko gaur egun. Bada ARGIAn bai, eta geroz eta gehiago izan nahi dugu, gainera.