Espazioaren diseinuak baloreetan badu eragina

argia
0
Ainhoa Bereziartua ARGIAko langileei egin duen diseinu proiektua aurkezten. Langileak zur eta lur geratu ziren, ARGIAren izaerari eta barne bizitzari neurrira egindako proposamena zela iritzita.

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Sarri hitz egin izan dugu orri honetan ARGIAren baloreez. Hitz egin dugu, baita ere, Lasarte-Oriako erredakzio, publizitate, administrazio sailen antolaketaz eta berrantolaketaz; denak elkartu eta elkarrekin lan egiteko txokoa osatzeaz. Baina bigarren hau behintzat gehiago izan da intuiziotik, tripetatik egindako zerbait. Etxe honetan ez baita espazio-diseinatzailerik sartu sekula. Orain arte.

Argiako lan espazioaren barne diseinu proiektua egin berri du Ainhoa Bereziartuak. Kunsthal goi mailako diseinu zentroan ikasketak burutu berri ditu, eta azken lan modura aurkeztu du proiektua. Aurretik Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatua da eta hainbat sektoretako enpresetan aholkularitza estrategiko lanetan –pertsonen antolamendua, organizazioen eraldaketak…– ibilitakoa. Orain diseinuaren munduan murgilduta, bi diziplinak uztartuko dituen proiektua egitea izan du helburu: “ARGIAren baloreak eta antolamendu eredua espazioaren diseinura eramatea erronka polita iruditu zitzaidan”, adierazi digu.

Bi fasetan oinarritu da proiektua. Lehena, teorikoa: estrategia eta diseinuaren arteko erlazioa, bulegoen historia azken 100 urteetan eta hauen erlazioa testuinguru sozioekonomikoarekin, lan espazio birtualak, bulego eredu berriak… Bigarrena, praktikoa: lan espazioa diseinatzea.

Honela esan digu: “Espazioaren berdiseinu batek lan taldeak berez transmititzen duen giroa, gertuko tratua eta profesionaltasuna potentziatu ditzakeela ikusi dut eta ARGIA proiektuaren etengabeko hobekuntzan, espazioaren diseinu berri bat beste bultzada bat gehiago litzatekeela iruditzen zait. Espazioen diseinuak pertsonen energia eta emozioetan duen eraginean sinesten dut, eta diseinu berriak badagoena indartu eta aukera berriak ekarriko dituela uste dut”.

Bereziartuak bere ikasketak burutzeko proiektua egiteko baliatu du ARGIA, eta ARGIAri oso baliagarri egiten zaio jende profesionalak bere arlotik proiektu komunikatiboa aztertzea, beste enfoke batetik begiratzea, perspektiba aldatzea eta proposamenak egitea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA