[Itsaso Zubiria Etxeberria]
Informazio asko jasotzen dugu, titular ugari, argazki-kamerak abiadura azkarrean jarritakoan botatzen dituen segidak moduan, flashak. “Gaur egun aktualitate politikoa adierazpenetan oinarritzen da”, esan dit Gorka Bereziartuak, eta ez dauka arrazoi faltarik. Adierazpen horiei tiraka ekin zion aurreko ikasturtean kazetariak Fauna publikoa izenburupean idatzitako asteroko iritzi-artikulu sortari, eta amaiera-data heldu zaio. Ziur lasaituko dela politikari bat baino gehiago albiste honekin.
Sekula atala irakurri ez duenarentzat, batez ere arlo politikoan egindako adierazpen bat hartu eta zukutzeko baliatu duen tokia izan da urtebetez Gorka Bereziartuaren Fauna publikoa. Ez pentsa iturria agortu zaiolako uzten duenik, ordea. Etenik gabe jarraituko dute punta ateratzeko moduko adierazpenek komunikabideetan. Baina “beti kontra ibiltzearen sentsazioak irakurlea bezala kazetaria bera ere nekatzen du” adierazi digu, eta ikasturtea hastearekin batera atal honi zikloa bukatu bazaio, kulturari heltzeko gogoz azaldu da Bereziartua. Ez hainbeste iritzia emanez, baina kontatu beharrekoak iruditzen zaizkion gaiak landuz.
Egindako lanarekin gustura dago, dena den. “Aukeratutako adierazpen eta titular asko ez dira itxura batera astakeria bat izan, baina balio izan dit horri helduta gogoeta egiteko, kontraesanak agerian uzteko…”, azaldu du kazetariak. Sailaren izenak ondo esan moduan, eztabaida publikoak ditu gustuko Bereziartuak; eta hori ere izan da helburua. Dio ondo daudela bere artikuluak oinarri hartuta tabernan edo modu pribatuan izandako elkarrizketak, baina atsegin dituela modu irekian eztabaidak planteatzen dituztenak. Eta helburu hori beti lortu ez badu ere, behin edo behin –etxe honetako kolaboratzaile baten eskutik, bat behintzat– izan du modu publikoan, elkarri erantzunez, esan eta entzuteko aukera.
Aurreko astean orri honetan iragarri genuen moduan eta aurkezpen guztiak eginda, hemendik aurrera Santi Leoneren lana da irakurlea gozatzea, gazitzea, mikaztea edo garraztea. Gorkaren berri izango dugu, ez izan dudarik.