ARGIAren Azoka: Ni ez naiz tuntuna!

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Turroiak ikusi ditut duela pare bat aste herriko dendan. Gogorra, biguna, txokolatezkoa, mazapana… “Dagoeneko Gabonei begira?” pentsatu dut, baina gero oroitu naiz badirela pare bat aste lagun batek esan zidala ondoko herrian hasiak direla Gabonetako argiak jartzeko prestaketa-lanetan. “Abenduaren 1erako piztuta egon behar omen dute aurten! Datorren udaberriko hauteskundeek ere izango dute akaso zerikusia”, bota dit barre txikiarekin.

Hasiak izango dira honezkero telebistan ikusten diren kolore eta mota guztietako jostailuen iragarkiak. Garai batean buruz ikasten genituen Olentzeroren etorrerarako, eta lata pixka bat eman ere bai etxean. Baina ez zen horrelako jostailu askorik sartzen gure tximinian behera, eta ez oparirik jasotzen ez genuelako; baina bai, igual, beste modu bateko erregaliak. Eta haur-nerabe nintzela ulertzen ez banuen ere, orain eskertzen diet etxekoei.

Futbol-talde kuttunaren elastikoa nahi nuen, berri-berria, hastear zen denboraldikoa. Olentzerok ez zidan hori ekarri, baina bai lagun batek jada erabiltzen ez zuen nire ekipoaren kamiseta. Gaztetxean urtero abendu aldera antolatzen zen truke-azokan eskuratutako jertse bat iritsi zitzaidan beste behin.

Ez dut sekula Gabonetatik guztiz deskonektatu. Egia da. Eta horrek berak pizten du gatazka txiki bat nire barruan. Baina Gabonak pasa, bizi edo ospatzeko moduak eta moduak ere badaude. ARGIAk proposamen bat egin du data horietan kontsumoaren zurrunbilotik ihes egiteko. Oharra horrela bukatzen da: “Opari bat eman edo jasotzeko derrigor erosi beharrik ez dagoelako”.
Aukera paregabea dugu ganbarak edo armairuak husteko, erabiltzen ez ditugun jostailu, gailu edo arropak beste norbaitek erabil ditzan eskuragarri jartzeko. Oso erraza da: atera argazkia emango duzun gailuari; sartu ARGIAren Azoka estekan; di-da batean betetzeko modukoa den formularioa osatu (gogoratu, gaiaz gero eta xehetasun gehiago eman, neurriak eta abar, eros edo harlearentzat errazagoa izango da); erabaki salgai jarri nahi duzun ala komunitateari eman nahi diozun; eta egin publiko. Zintzilikatu duzun gaia norbaiti interesatuko balitzaio email-a iritsiko zaizu, eta hortik aurrera egingo duzue tratua non entregatu, nora bidali…

Ez izan tuntuna!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA