100 urte, 100 orri

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria]

Txiste moduan hasi bazen ere, egia bihurtuko da “100 urte, 100 orri” leloa. 2019ko urtarrileko lehen zenbakia berezia izango da: astekariak urteak adina orri izango ditu. Indartsu hasiko da mendeurrena, justu aurreneko Zeruko Argiak inprimatu ziren egunen bueltan, 1919an ere ilbeltzaren lehen egunetan jarri baitzen martxan inprenta.

Hilabete eta erdi lehenago hasi ziren ziento bat orrialde betetzeko eduki sorta prestatzen, eta Euskal Herriko zein nazioarteko gairik potolo eta mamitsuenak erreserban utzi dituzte orain arte, ale berezi honekin urteari hasiera gogorra emateko. Oraingoan pistarik ere ez dizut emango, ordea, erreportaje, elkarrizketa eta artikuluez; indartsuegiak baitira hemen bi lerrotan azaltzeko. Hori bai, hitza ematen dizut, irakurle, merezi duela alearen zain egoteak.

Banaketa berezia

Bidelagun mordoa izan dituzte Zeruko Argiak eta ARGIAk mende osoan zehar eta artxibo informatiko handi bat dago ehun urte hauetan inoiz harpidedun izan diren guztien zerrendarekin. Lantaldeak badaki proiektu hau bidelagun horien guztiengatik ez balitz ez litzatekeela gaur hemen izango, eta eskertza modura helbide horietara guztietara igorriko dute zenbaki berezia.
Irteteko pistola-hotsa da 2019ko lehen zenbaki hau. Baina urte osoan ezagutu eta jasoko ditugu sorpresa gehiago. Hasteko, diseinu aldaketa egiteko aprobetxatuko da ale berezia, irakurleari ARGIA berritu bat, gustura irakurtzeko aldizkari bat eskaintzeko asmoz. Bigarren aldizkariarekin batera jasotzen hasiko gara astero opari ehun urteotako portada hautatu baten lamina, Koldo Izagirreren azalpen testua lagun duela.

Ehun urte bizian behin betetzen omen dira –heltzea lortzen duenak, behintzat–, eta ARGIA proiektuaren komunitatea sendotzeko aproposa da momentua. Zergatik ez dugu bakoitzak bere ingurua pixka bat astintzen? Kazetaritza independentean sinesten dugu, eta kazetaritza independentea egiten jarraitzeko ekonomikoki independenteak izatea beharrezkoa da. Ahalik eta komunitate sendoena izateak bermatzen du ARGIA independente izatea.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA