1919-2019 mendeurrena baliatuz, urteko lehen zenbakia berezia osatu dugu. Bikoitza izango da, 100 orrikoa, eduki indartsuekin eta diseinu eta ARGIAren logo berrituekin batera.
Mendeurreneko zenbaki bereziaren azala Joseba Larratxek egin du. Marrazketa prozesu osoa jaso du bideo honetan Joseba B. Lenoirren musikak lagunduta.
Editoriala: Euskal kazetaritza independentearen mendeurrena
Ez ditu edozein proiektuk 100 urte betetzen. Are gutxiago euskara hutsez funtzionatzen duen komunikabide independente batek, bi estatuk haien legeen arabera menpean daukaten herri honetan.
Koldo Izagirrek Autopsiarako frogak liburuan zioen moduan, “herri izatearen froga eta kontzientzia ematen ditu euskarak”. Zazpi lurraldeko Euskal Herria da ARGIAren lurra, eta proiektu honen funtzio soziala euskararen geografia osoko eta diasporako herritarrei elkarren berri eman eta irakurgai komunekin elkar konektatzea da.
1919an Zeruko Argiaren lehen zenbakia Iruñean argitaratu zutenetik, orriotan geratu dira kontatuta Euskal Herriko garai ilunak bezala, herritarren lorpen itxaropentsuak. 80.000 artikulu eta 40.000 argazki baino gehiagok osatzen duten artxiboa datorren urtean digitalizatu eta euskararen egunean Argia.eus-en jarriz ospatu nahi dugu. Gure herriaren oroimen historikoa denok eskuragarriago izan dezagun. ARGIA herri proiektua izaki, ondare hori, nola ez, lizentzia libreekin edonork erabiltzeko moduan zabalduko dugu.
ARGIAk ongi daki nondik egiten duen kazetaritza. Geroz eta agerikoagoa da sistema kapitalistak jendearen gehiengoari bizkarra ematen diola, zibilizazio krisi larria gainean daukagula ikusten da. Etxera etorrita, pragmatismoaren izenean batzuetan, zubigintzaren izenean bestetan, eskuina eremuak irabazten ari zaio ezkerrari. Instituzioen mugak inoiz baino agerikoago geratu diren garaiotan, txikitik, lokaletik, eguneroko konpromisoetatik ari diren eragileei arreta handiagoa eskaintzea funtsezkoa da.
Objektibotasun faltsutik ihes eginez, zintzotasunez, elkarren zapalkuntzan oinarrituko ez den Euskal Herri aske baten alde, kalitatezko informazioa eskaintzen saiatzen gara. Komunikazio kabineteetan aurrez fabrikatutako albisteetatik ihes; banku, multinazional edo alderdien kontroletik at; informazio kritikoa egitea betebeharra da guretzat. Belaunaldiz belaunaldi, milaka lagunen topagune den hedabide independente bat merezi dugu, unean uneko indar harremanetatik kanpoko analisia plazaratu eta agenda mediatiko ofizialetik kanpo uzten dituzten informazioak argitaratzeko. Daukagun informazioaren arabera hartzen ditugu erabakiak. Kazetaritza independenterik gabe ez dago demokraziarik.
Beste ehun urtez
Argiaren historian inoiz baino etxe gehiagotara heldu den aldizkaria da eskuetan daukazuna, zenbaki honetan egin dugun ahalegin bereziari esker. Ale bana bidali dizuegu milaka eta milaka laguni, batzuk zaharragoak besteak gazteagoak, harpidetzarekin noizbait proiektu honi bidea egiten lagundu diozuelako. Izan tarte batez ala bizitza osoan, den-denen ekarpenei esker iritsi da ARGIA mendea betetzera.
Beren ondasun pertsonalak arriskatuz, proiektu hau kaputxinoen eskuetatik langileentzat eskuratu zutenei esker, kontziente gara Argian lan egitea gaur egun gure buruaren jabe izatea dela. Geuk erabaki bezala antolatzea. Egoki ikusten duguna idaztea, pasioz bizi ditugun gaiak jarraitzea, azken batean, geure begirada propiotik, munduan gertatzen denaren berri euskal komunitateari ematea.
Hala ere, badakigu biziraupena ez dugula bermatuta. Horren lekuko ehun urte hauetako debeku zerrenda luzea, zentsura, tortura, isunak eta beste hedabide askorekin alderatuta, babes instituzional ahula. Egunero lantokira sartutakoan bete beharreko lehen helburua beste urtebete irautea dela badakigu. Horregatik asmatzen ditugu kazetaritzatik kanpo ere bestelako proiektuak, bidelagun zoragarriekin. Elkarlanaren pozak bizi gaitu.
Hedabide independente honen komunitateko parte izan nahi baduzu, lantalde hau indartzen lagundu eta kazetaritza independenteaz gozatu nahi baduzu, esan beharrik ez dago, ateak zabalik dauzkazu. Munduan bakana den harpidetza eredua dugu indarrean, herritar ororen informatzeko eskubidea aldarrikatzeaz gain, posible egiteko asmoz sortu genuena. Egoera ekonomikoa ez dadin inorentzat oztopo izan. Dena salgai jarri duten garaiotan, informazioa ez dezaten pribilegio bihurtu. Horregatik Argiaren alde ahal duzun eta egoki ikusten duzun diru ekarpena egin dezakezu, eta bueltan nahi duzuna jaso: astekaria astero, bi astean behin, hilero, internetez jarraitu eta paperean ez hartu… Elkartasuna ardatz hartuta, komunitateak elkar eusten du hemen. Alde horretatik, lanean ilusioz jarraitzeko erregaia da azken urteetan ehunka eta ehunka bidelagun berri gurera nola batzen ari diren ikustea eta sentitzea. Noiz eta paperaren krisiaren erdian, noiz eta hedabide askoren sinesgarritasuna aspaldi ez bezala ezbaian dagoenean. Mendeurrena proiektu hau sendotzeko baliatu nahi dugu. Lagun gehiagorengana heltzeko. Eragiten jarraitzeko.
Ez ditu edozein proiektuk 100 urte betetzen, eta ARGIA da horietako bat. Seinale badela euskarazko kazetaritza independentearen beharra. Mundua dantzan ikusi nahi dugunontzat, bada ospatzeko motibo.