Felix Sarasola: Lapur Handiak eramandako laguna

argia
0
Felix Sarasola. 1992an, Lasarteko Txartel hoteleko sukaldean. ARGIAko argazki artxiboa.

 

[Joseba Sarrionandia] Habanako Bonbilla Berdean omenaldia egin diogu Felixi Santo Tomas egunean, urtero bazkaria antolatzen zuen egun berean. Ruper Ordorikaren Lagunaren heriotza entzun dugu lehenengo, Luigi Anselmiren letrarekin:

“Lapurra sartu zaigu gaur etxean / guztion ixilean… / Oso trebea bide da / lapur zital hori, / ez baitu dirurik, / harribitxirik / edo holako ondasun hutsalik / eraman. / Gure altxor preziatuenera / jo du zuzenean / eta artoski gordetzen genuen / adiskide-bilduma tipitik / ale ordezkaezina / ostu digu”.

Unai Muñoa eta Ander Lizarralderen bertsoak entzun dira, Jorge Romero irten da gero dezima batzuk leitzen, Ray Fernándezek El ausente abestu du, Daniel Chavarria beste lagun aurten ostuaren ipuina, La tortilla escalonada, Felixen antza duen Pepe Olavarría sukaldariari buruzkoa eta Felixi eskainia. Jade bikoteak modu hunkigarrian interpretatu ditu Eperra eta, Pancho Amat treseroarekin eta Rayrekin, A caballo vamos pal monte, Felixi gustatzen zitzaion son montunoa. Eta Txoria txori.

Bonbilla Berdetik irtenda, batek gogoratu du ezagutu zuela Felix aspaldian, sasoi behelainotsu hotzean, Muebles Intxausti dendako eskaparate argitsuko Belen bizian San Jose egiten, asto eta behi bizien alboan.

Beste batek Bermeoko atunontzia gogoratu du Afrika menbaldeko itsasoan, barkuko sukaldaria Felix, eta behin itsas kolpe batek ur zakarrera bota zuela. Felixek igerian jakin ez eta beltz senegaldar batek egin zuen kareletik salto. Soka bat bota zieten eta biak salbatu ziren.

Hala esaten zuen ez ziela fundamentu handirik antzematen ez erlijioari ez arrazismoari, baina bizitzatik ikasten jarraitu zuen Felixek, hala nola inmigrantea izatetik. Karibeko kosta atlantikoan jarraitu baitzuen beste barku batean eta behin, lehorreratzea otu eta New Orleansen geratu baitzen. New Orleansetik New Yorkera, eta bi-hiru urte eman zituen New Yorken, brasildar janariko jatetxean lanean, paperik gabe.

Orduan, betiko Amerikako Estatu Batuetan geratzea eta Euskal Herrira itzultzea erabakitzeko puntua heldu zitzaiola kontatzen zuen Felixek. Eta euskalduna zela erabaki zuela, ez jatorriz bakarrik, baizik eta euskalduna izan nahi zuela. Eta Usurbilera bueltatu zela, Mikel Laboa eta Argia-koekin, Jose Anton Arze eta Labatxikikoekin, Jose Luis Zumeta eta lagun zituen beste askorekin Euskal Herria egiteko egunik egun, eta mundua egiteko.

Euskal Herriko portuetako baforeek bezala, hara eta honak eginez, jakina.  Kanarietako diskoteka batean lan egingo zuen. Baina gehiagok gogoratuko dute Tolosako Beti Alai jatetxean, Lasarteko Txartel hotelean eta, batez ere, luzaroan, Txitxardin Beltza jatetxean.

Habanan zegoela, 2001eko martxoan, loteria tokatu zitzaion eta Guanaboko uretan, oinak hondarpean zorua galdu eta itotzen hasi zen, lagunak ospatzen ari zelakoan ziren. Kubatar batek salbatu zuen. Felixek dena ematen zien lagunei, eta beltzei, eta kubatarrei, berari ere dena eman ziotelakoan.

Felixen etxea zen euskaldunentzat enbaxada Habanan. Nori ardura zitzaion Zulueta eta Cárcel izkinako jauregi erraldoi ederrustekoa, Felixen apartamendu txikia zabalik bazegoen!

Ustekabeko sorpresaren bat izaten zuen beti heldu-berriarentzat:

– Txipiroiak tintan jango dituzu!

– Karibean ez dago txipiroirik.

– Ez dagoela? Hortxe, itsasertzean erosi ditut ba nik.

Euskal enbaxada eta jatetxea, tabakorriaren merkatua eta batzorde bolibarianoa, San Mames eta organo orientalaren katedrala. Eta zorionaren filosofia, edozein izkinatan baitzegoen Felix bizitzaz harriturik eta pozik.

Aurreko uda hasieran, autoan eraman nuen Habanarantz. Ekaitz izan zen gau horretan eta apenas lo egin nuela esan nion.

– Nik ere ez diat lorik egin… –esan zidan.

Ni ekaitza mendebaldetik heldu zela, eta berak:

– Ez, Barakoatik etorri duk!

Nik metereologiaz eztabaidatzeko gogorik gabe:

– Baina, fuertea izan da eh…

– Ikaragarria!

Eta Plaiako 94 kaletik ia Vedadorako tuneleraino joan ginen solasean ni eguraldiaz eta bera gaueko larrutaldiaz.

– Gaur ere ezin izango diat lorik egin, baina trankilito.

– Ekaitza joan duk, Felix?

– Ez, etxean geratu duk, bihar hartuko dik autobusa Barakoara itzultzeko.

– Jode, Felix, ni eguraldiaz ari ninduan.

– Jujuju, hi haiz hi kalekumea!

Halakoa zen gure laguna, artoski gordetzen genuen adiskide-bildumako ale ordezkaezina.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA