[Miren Osa Galdona] Batzuek paperaren iraungitze-data inoiz baino gertuago ikusten duten bitartean, beste hainbestek tinko eusten diote oraindik orri sortei, pantaila beltzen iraultzak neurri apalagoan harrapatuko balituzte bezala. Bada, ordea, eztabaida jardunera eraman, eta bi muturrak egunerokotasunean uztartzen dituenik.
1987. urtean sortu zen Antza inprimategia, 80ko hamarkadako ARGIAko lehen lantaldearen altzoan. Hastapenetan fotomekanika eta fotokonposizio enpresa gisa eratu zen arren, urtebete geroago jada zerbitzu integrala eskaintzen hasi ziren grafikagintzaren arloan. Tamayo inprentako makinaria erosi izanak zerikusi zuzena izan zuen enpresaren profesionaltasunean.
Imajinatu daitekeen moduan, baina, lan egiteko modua zinez aldatu da azken hiru hamarkadetan. Argia bera inprimatzeko prozesua adibide nabarmena da: lau egun behar izaten zituzten aldizkaria eskuartean izateko. Gaur egun astelehen goizean inprimatu eta astearterako prest egoten da Argia. Autoedizioa ere aipatzeko urratsa da, lehen aurrerapauso teknologikoa izan baitzen. Argazkiak eta testuak eskuz muntatzetik, eskaner bidez ordenagailura pasa, eta bertan edukiak editatzera igaro ziren. Bide beretik jarraitzen dute egun, oinarri zaharrei eutsiz eta baliabide berriak txertatuz.
90eko hamarkadan Donostiatik Lasartera lekualdatu ziren, eta leku berean jarraitzen dute lanean. Argiatarrek 80ko hamarkadan egin bezala, enpresaren jabetza eta kudeaketa langile-bazkideen eskuetan geratu zen 1992. urtean, lantokia kooperatiba bilakatuz. Pello Zubiria izan zen lehen gerentea, eta urte batzuk lehenago Argian egin moduan, elkartasuna eta konfiantza balore nagusi gisa ezarri zituzten etorkizunari aurre egiteko. Gogo eta elkarlan hari esker eratu zen Euskaldunon Egunkaria, eta Antzari zor zaio 1990ean Durangoko Azokan argitaratu zen lehen ale hura. Baita bere atzetik etorri ziren beste hainbeste ere.