Astean asteko portada hautatua: 1977ko maiatzaren 22a

argia
0

[Koldo Izagirre] Arturo Delgadok ez zekien euskaraz, argazkiak egiten zekien eta hauxe atera zuen Errenterian, errealitate horren bila joanda. Igarri zion portada bat izan zitekeela Zeruko Argia-rako, eta maite zuten euskaldun haiei erakutsi zien lehenik, beste inora gabe. Gainera, astekari baten portadak luze irauten du kioskoan salgarri, egunero aldatzen diren kazeten aldean.

Ilea urdindua du eta urtetsua izan behar du gizonak. Erretiratua egon liteke, edo azken urteak ditu lanean. Jaka soinean, trajeatua dagoela ematen du. Kutxa bateko enplegatua? Ezkerrean dagoen paperolako bulegaria? Lagunekin vermoutha hartzera etorri zaigu taberna bat bera ere zabalik ez dagoen igande honetan. Jakaren barneko sakelan kartera darama, karteran seme-alaba bien argazkiak. Emazteak aginduta jalgi da etxetik, alaba bederenik etxera ekar dezala. Badaki alferrik dela, baina kalera egin du hala ere, bere beldurra zanpatuz. Entzun, nere, amak bidali nau zure bila, ondo al zaude? Eta alabak barrikadatik alde egin dezala esan dio, arriskutsua dela, zoaz poliki etxera beste horiek hasi baino lehen.

Bagenekien zer ari zen gertatzen Errenterian eta beste herri askotan, portadak ez zuen testu beharrik, Arturo Delgadoren argazkiak klarki islatzen du argazkian ageri ez dena, patxadakoaren jitea daukan gizona Xenpelarrek lan egiten zuen liho fabrikaren espaloian barrena etxera bidean doala asaldatuko duena, atzera behatuta ikusiko duena.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA