Gure lana egitea albiste bilakatu dute beste behin ere, tamalez. Funtzionario publikoen jardun publikoa espazio publikoan grabatu eta publikoki zabaltzea da berriz ere leporatzen diguten “delitua”. Zehatzago esanda, 22125 eta 23044 gisa identifikatu diren bi ertzainek salaketa jarri dute ARGIAko kazetari Lander Arbelaitz Mitxelenaren aurka, 2018ko maiatzaren 21ean Donostian pertsona bati hizkuntza eskubideak nola urratu zizkioten grabatu eta zabaltzeak “iraindu” dituela esanez.
Gogora ekarri nahi dugu, hain agerikoa izan zela euskaraz bizi zen Eneka Alvarez herritarraren eta erdaraz aritzera behartu nahi zuten ertzainen arteko kasua ezen Ertzaintzak berak publikoki barkamena eskatu baitzuen irailean, maiatzaren 21eko gertaeretan “hizkuntza eskubideak ez bermatzeagatik”.
Hizkuntza eskubideak ez babesteagatik botere publikoak barkamena eskatzea, euskaldunoi arraro egiten zaigu oraindik. Keinu osasungarria izanik ere, oso gutxitan gertatzen den zerbait delako. Eta horrek lotura zuzena dauka oso ohikoak zaizkigun eraso euskarafoboak grabatzeko zailtasunarekin. Hau salbuespena izan da.
Baina edozelan ere, eta Ertzaintzak barkamena eskatu badu ere, bi ertzainek biktimaren aurka jo dute –Mozal Legea erabiliz, 600 euroko isuna ezarri diote–, baita urraketaz informatu zuen ARGIAren kontra ere. Polizia hedabide baten kontra, kazetaritza egiteagatik. Azken urteetan Europan nagusitzen ari den jarrera da. Informazio deserosoa publikatzen duten kazetarien aurka salaketak jartzen dituzte kazetariak beldurtzeko asmoz.
Iñigo Cabacas auziko audioengatik Iñaki Soto eta Iñaki Iriondo Garako kazetariak deitu zituzten epaitegira; Ahotsa.info-ko lagunek, terrorismoa goratzea egotzita, deklaratzera joan behar izan zuten preso batzuen ongi etorriei buruz informatzeagatik; Ignacio Escolar eta Raquel Ejerique Eldiario.es-ko kazetariek epaiketa izan dute Cristina Cifuentesen kasua argitara ateratzeagatik. Eta Mozal Legearen mehatxu eta aplikazio orokorrak gure jardun profesionala baldintzatzen jarraitzen du, 2015ean onartu zenez geroztik, Hala Bedi eta ARGIAko kazetariek, besteak beste, ondo dakigunez.
Poliziaren jardunaren berri emateak arriskutsua izaten jarraitzen du oraindik. Autozentsurari aurre egiteko “Grabatzea ez da delitua” kanpainan adierazi genuenez, Polizia grabatzea herritar guztion eskubidea da, funtzionario publikoen gaineko gardentasuna eta kontrola bermatzeko, eta herritarrok gure burua babesteko dugun bide eraginkorra da.
Ez da lehen erasoa ARGIAren aurka, ezta kazetari honen aurkakoa ere. Eta aurrekoetan jakinarazi genuen bezala, oraingoan ere kalean gertatzen denari buruz informatzen jarraitzeko asmoa dugu.
Komunitate sendo batek eusten du proiektu hau. Eta sostengu ekonomiko eta sozial horri esker kazetaritza independentea egiten, Polizia grabatzen eta euskaraz bizitzen eta informatzen segituko dugu.
2 Iruzkin
[…] Argia aldizkariko lan taldearen adierazpena. […]
Kazetaritza ez da delitu. Informatzea ez da delitu!! Lander Arbelaitzekiko elkartasuna!!