Damaso Intzari elkarrizketa 1986an: Sortzailearen hitzak

argia
0
Iñaki Camino ARGIAko kazetaria eta Damaso Intza Zeruko Argiaren sortzailea. Bi belaunaldi parez pare, Josu Landak ateratako argazkian.

[Miren Osa Galdona] Bada ARGIAren historian garrantzitsua bezain bitxia den elkarrizketa bat. Batetik, elkarrizketatuak orduko hartan ia 100 urte zituelako, eta, bestetik, jorratzen diren hainbat gai orduan ez ezik, orain ere eztabaida gai direlako.

Iñaki Caminok eta Josu Landak Aita Damaso Intzari 1986an egin zioten solasaldia da lerrootako ernamuina. Aita Buenabenturarekin batera, Zeruko Argiaren sortzailea izan zen Damaso Intza. Gazteleraz egiten ziren aldizkari aitzindariak eredutzat hartuta, euskaraz ere halako euskarriak egotea beharrezkotzat jotzen zuten bi Kaputxinoek. Gizon erlijiosoak ziren, bizia Jaungoikoari emana zutenak, aitzitik, euskararen etorkizunak zinez kezkatzen zituen eta oso kritiko hitz egin izan zuen Intzak, besteak beste, euskara batuaz. Hona pasarte esanguratsu bat:

Galdera: minduta zaude euskara batuarekin?
Erantzuna: Damuturik nago bai, euskalkiak behar dira. Euskara batuarekin zaildu besterik ez baitugu egin Euskal Herria, zer ugaritu du, zera sartu ditu, hainbeste eta hainbeste erdarazko hitz, edo frantsesetik hartuak edo españoletik, eta hori egin beharrean lehen esan dizudana egin behar zen, herriz herri Euskaltzaindiak ezarri euskaltzain bat horretarako, eta dihoala etxez etxe euskara hutsik hitz egiten duten etxetara eta hantxe saiatu lehendik bildurik dauden euskalkien bidez hitz eta zera berriak biltzen, hori da biderik egokiena eta erosoena.

Amets pertsonalez ere mintzo da elkarrizketan, gaztetan Kaputxino izateko hartutako hautuaz eta mende baten buruan gizartean gertatutako eraldaketez.

Otsailaren 23an dugu Kaputxino historikoaren nahiz Zeruko Argiaren sorreraz gehiago jakiteko parada. Egun pasa antolatu dute ARGIAko lankideek Iruñean, atzera begirako ariketa kolektibo gisa, ARGIA Jendearentzat eta interesa duen ororentzat (hemen egun horri buruzko xehetasun denak).

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA