[Miren Osa Galdona] Berehalakotasunaren eta iraungi data geroz eta mugatuagoa duten kazetaritza lanen garaiotan, esan liteke sakontasunak eta hausnarketak leku urria dutela. Egunerokotasunak pausarako tarte gutxi ematen duen arren bada hilabetean behin zaharberrituta plazaratzen denik. “Sepia koloreko 16 orrialdez osatuta dago eta ARGIA astekariarekin batera banatzen da hilabete bakoitzeko azken astean”. Horra Wikipediak gaurko gonbidatuaz diona. Ideiarik bai nor den?
1985an sortu eta 1994ra arte bere kabuz argitaratu zen Larrun aldizkaria. Egun ARGIAren hilabetekaria den arren, urtero lau ale kaleratzen zituzten hastapenetan; urtaro bakoitzak Larrun berri bat zekarren besapean. Ideia Pello Zubiriari zor zaiola inork gutxik eztabaidatzen du, baina zergatik hasi beste aldizkari batekin lanean, eskuartekoak nahiko lan ematen zuenean? Argi du Patxi Larrionek: “Guk galderak genituen, ez erantzunak”. 1991z geroztik Larrun aldizkariko zuzendari aritu zen Larrion. Mimoa eta miresmena darizkie bere hitzei argitalpen kuttunaz galdetutakoan, hala baino ezin baita ulertu argitalpen bakoitzeko ale bat gordeta izatea.
Maiztasuna eta diseinua salbu, ezberdintasun gutxi antzeman daiteke iraganeko eta egungo argitalpenen artean: gaur egun bezala, oihartzun handiko gaiak ziren orduan hizpide, beste hedabideetan ahots urria zutenak. “Gaia edozein izanda ere, zenbaki bakoitzean elkarrizketa sakon eta luze bat sartzen genuen. Mamira iristeko galderak egin behar baitira, eta hasieran esan bezala, guk galderak baino ez genituen”, dio Larrionek. Berarekin batera kolaboratzaile ugarik osatzen zuten Larrun 90eko hamarkadan. Urte loriatuen ostean, bada, ekaitza krisi moduan iritsi zen, eta argitalpena eten behar izan zuten hiru urtez. 23. zenbakia izan zen Larrionen ardurapean plazaratutako azkena; ez zen izan behin betiko agurra ordea. 1998an ARGIAko lan taldeak berriz ekin zion Larrun idazteari, egun duen dinamika eta forma emanez. Eraberritzen jakin badu ere, oinarriek sendo iraun dute denboran, eta xede bera izaten jarraitzen du: gai bakoitzaren mamia aurkitzea, eta hari-mutur ezberdinak jorratzea. Jarrai beza urte luzez erraiak azaleratzen, egunerokoari pausa ematen, kontzientziak astintzen.