[Koldo Izagirre] Asmatu duzu! Errata bat dago portadako titularrean! Asterokoa izanagatik, presak estutu egiten du… Baina hori al da portadaz esateko daukazuna? Begia hezi behar zenuke.
Asma ezazu zer den irudi hori, luma edo atzamarra? Liburuak aipatzen zaizkigunez, estilografika bat dela esanen genuke, tinta gorria du baina. Lumaren mokoa moztu digutenez, zalantza sortzen digu. Emazteki dotore baten eria ez ote den, ospitale pribatu bateko kirurgia alorreko erizainen ugazabaren eria adibidez. Dena dela, tinta pasarazteko balbulatxoa dauka, izan liteke estilografika. Tinta balitz, ordea, atzamarraren goialdeak gorriz azaldu behar luke. Edo ez, balbulatxoa bera izan liteke tinta depositoa. Baina tintaren kolore hori, ez ote da odola. Eman dezagun odola dela. Asma ezazu, beraz: gorri hori odola bada, zer irudikatzen du irudiak?
“Betiko joko psikolojikoa” ipini zuten hasiera batean, gero “Betiko guda psikolojikoa” hobeto zegoela erabaki eta aldatu egin zuten, ustez. Behin eta berriz irakurri arren ohartu ez jokoren j geratu zitzaiela g behar zuenari lekua janda. Barkagarri, ezta? Logikoa dirudi.