ARGIAko lantaldeak zer egingo du M8an?

argia
0
2018ko martxoaren 8a. Gizonak lanean Lasarte-Oriako erredakzioan, M8ari jarraipena egiten.
2018ko martxoaren 8a. Gizonak lanean Lasarte-Oriako erredakzioan, M8ari jarraipena egiten.

Administrazio eta salmenta arloetako emakumeek greba egingo dute eta emakume kazetariek greba aktiboa. Gizonen artean bietarik da, batzuek ARGIAn lan egingo dute, eta beste batzuek zaintza lanei heldu beharko diete etxeko emakumeek greba egingo dutelako.

 Aurten, lehen aldiz, ARGIAko gizonezko langileek bilera egin dute Martxoaren 8ari nola heldu hitz egiteko. Hamar langile dira, bederatzi kazetari eta salmenta saileko bat. Horietatik hiruk zaintza lanak egingo dituzte egun osoz, haien inguruko emakumeek greba egin dezaten. Laugarren bat erdizka arituko da Argiako lanetan eta zaintza lanetan. Beste seiak ARGIAko lanetan arituko dira. Hala ere, ez dute ohiko lana egingo. Kazetariek M8ari jarraipena egingo diote. Salmenta saileko gizonezkoaren ostiraleko lan berezia telefonoa hartzea izango da, ARGIAn harrera egiten duten langile guztiak emakumezkoak baitira.

Iaz bezala, aurten ere, gizonek ARGIAn haurrak zaintzeko modua egiteaz eztabaidatu dute. Horrela egitea baino egokiagoa iritzi diote umearen inguru naturalean egitea.

Emakumeek ere bilera egin dute. Administrazioan eta salmenta sailean bat ezik gainerako guztiak emakumeak dira. Kazetari eta diseinatzaile taldean berriz, bost dira emakumezkoak. Denek egingo dute greba. Kazetariek iaz bezala, greba aktiboa egingo dute eta kalera aterako dira M8an gertatzen dena kontatzera. ARGIAra lanera ez direla etorriko erabakitzeak ez du inolako misteriorik izan, baina gehiagorako eman du zaintza lanetan zer egingo duten komentatzeak. Gutxiago edo gehiago, emakume denek zuten buruan M8a. Batzuk zaintza lanak ez egiteko estrategiak landuta eta ingurukoekin hitz eginda zituzten eta beste batzuek adierazi zuten zaintza lanak egin beharko zituztela. Administrazio eta salmenta arloko emakumeek, bat egin dute greba aktiboa egingo duten kazetariekin eta kaleko mobilizazioetan bizitakoa sare sozialen bidez zabaltzen lagunduko dute.

 

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA