Asteko portada hautatua: 1963ko martxoaren 31

argia
0

[Koldo Izagirre] Luze, sobera luze leihoak itxita. Munduaren hitza entzun behar zuen Elizak, haize garbia hartu behar zuen usantzaren hautsak harrotzeko. Kontzilio bat antolatu eta Entziklika berritzaile bat atera zuen Jon XXIII.ak.

Giro aurrerazale horretan koka genezake Zeruko Argiaren abiatze modernoa. Hiru urteko isilaldiaren ondoren, asmo handiko dator 1963an Lekarozko komentua utzita Donostiako Okendo kalera, kaputxinoek elizaren albo batean duten aretoa erredakzio bihurtzeko. Hilerokoa izatetik astero azaltzeko konpromisora hartu du, apaingarrizko koloreak baztertu eta prentsaren zuri-beltza hautatu du, irudiak argazkiz eginak dira eta umore kritikoa bideratzeko nahi ditu marrazkiak: euskara informazioaren lehian sartu zaigu gaztelaniaren galernaren erdian. Luze gabe bete beharko ditu hitzez hasierako portada airosoak, badago zer idatzia.

Basarri, Karlos Santamaria, Jon Etxaide eta Jose de Arteche bezalako sinadura ezagunei publiko gaztea bilduko zuten kolaboratzaile berriak erantsiko zizkien aldizkariak: Xabier Tolaretxipi, Rikardo Arregi, Joxepe Azurmendi, Ramon Saizarbitoria… Apurka, sekzioen eta artikuluen bitartez, Zeruko Argia Euskal Herriko errealitatea erakusten eta euskaldunon iritzi publikoa formatzen hasiko zen, “Unamuno ala Loroño, nor ote da lenago?”. Inork ez daukala tontoa izateko obligaziorik, Azurmendik. “Loroñok Unamunorekin ez dauala zerikusirik? Or dago gakoa!”. Ez ote dauka meriturik geografia ezagutzeke Vuelta a España bat irabazteak?

Epelkeriaren lapikoa ez beste zerbait izan behar zuen Zeruko Argia-k, Juan San Martinen iritziz. Eta inoizko agerkaririk laikoena bilakatu zen Kaietano Ezeiza kaputxinoaren gidaritzapean.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA