Asteko portada hautatua: 1985eko otsailaren 17a

argia
0

[Koldo Izagirre] Zirkulazioa desbideratutako asfalto garbian barrena etorri ohi da desfilea alokatutako jantzi apainetan, danbor trumonadan dantzari, konfetiak jaurtika dena kolore eta samba eta silikona, baina halako antzezpen distiragarriak ezin jasanez eskualde galdura abiatzeko erabakia hartu dugu, ahal delarik galduenera, bestelako ihauteriak gozatu ahal izanen ditugulakoan.

Zarpa eta lokatz, oihu, bultza, erronka, amaren lotsa.

Hauxe bai! Errekara zuhurtasuna!

Burla, irain eta zafraldi batzuk aplikatu dizkigute, lasai eta harro etxeratzeko moduan gaude. Ez gara izan etnokeria dastatzera azaldutako turistak edo zabarkeria gose heldutako autentikzaleak. Figuranteak besterik izan ez garen arren, zoraldi basatiaren erdian inpresentableak ginela sinetsi dugu, liberazio saio bati lotu gatzaizkiola, lipar batez eta geurea ez den lekuan badere. Atxikimenduzko ekintza izan da gurea.

Utikan herri folkloretuak!

Kafearen ederra kroasant bioaren ondotik!

Onik itzuli gara beraz kaos erotiko etiliko politikoaren zurrunbilotik, eguneroko mozorroa kenduta ni neu, zu zeu eta hura bera derrigor izan behar astunetik. Eta, zeharbidez, indarberritu egin dugu gizaki arauzalea: kazetariak kexu dira kolega batzuei tratu dorpea eman dietelako, hori ihauteria ote den, kamerak lurrera botatzea eta horrelakoak.

Heldu den urtean, gogorrago.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA