Isilarazteko enegarren saiakera

argia
0

[Miren Osa Galdona] Bi ertzainek egindako hizkuntz eskubideen urraketa batez informatzeagatik. Hau da, kazetaritza egiteagatik. Horratx Lander Arbelaitz epailearen aurrean jartzeko arrazoiak. Beste garai bateko kontua dirudien arren, 2019ko martxoan gertatu berri da. XXI. mendean. Ez da, ordea, botereak azken urteetan ARGIAri emandako lehen “abisua”.

2013ko Donostiako AskeGunean Arbelaitz berari eraso egin zioten ertzainek. Mugikorra kendu, lurrera bota eta lehen lerrotik bortizki kanporatu zuten. Hurrengo egunetan Arbelaitzek salatu zuenez, behin baino gehiagotan jakinarazi zien ertzainei kazetaria zela eta bere lana egiten baino ez zela ari.

Testuingurua eta bi aldeetako bat aldatu arren, jokaldi bera gertatu zen hiru urte beranduago Donostiako Gipuzkoa Plazan. Orduan ere ertzainek mugikorra kendu, eta harrokeria handiz erasotu zuten Gorka Bereziartua kazetaria Gipuzkoa Zutiken asanblada baten berri ematen ari zela.

Aurrez aurre kazetaritza egitea oztopatu ez ezik, ekonomikoki ere jazartzen saiatu izan dira behin baino gehiagotan ARGIA. Mozal Legea ezarri zion Espainiako Gobernuak Axier Lopez kazetariari, “baimenik gabe” polizia operazio batean irudiak sareratzeagatik duela hiru urte. 601 euroko isuna ezarri nahi izan zioten. Espainiako estatuan kazetari bat Mozal Legeaz zigortu zuten lehen aldia izan zen. Tinko borrokatu zen Lopezekin ARGIA, informatzeko eskubidea oinarrizkoa eta unibertsala dela azkenera arte defendatuz. Euskal Herrian irakurrienak diren hedabideek gaiaz informatzea ez zela garrantzitsua erabaki zuten arren, nazioartean zabaldu zen albistea, baita New York Times-en ere. Epaiketa egiteko sei egun falta zirela, atzera egitea erabaki zuen aginte makila hartu berri zuen Javier de Andresek, Espainiak EAEn zuen ordezkariak, eta indargabetu egin zuen Lopezen aurkako isuna.

Kazetaritza konprometitua eta independenteari bere jardunean hesiak zein oztopoak jartzea frankismo garaietatik datorren joera izan da. Hala oroitzen zuen Miren Jone Azurzak, Zeruko Argiako lehen emakumezko zuzendariak, gaiari buruz galdegindakoan, duela dozena bat urte. Azurzak astero irakurtzen zuen astekaria goitik behera, ustez erregimen frankistarentzat desegokiak izan zitezkeen hitzen bila. Behinola, 25.000 pezetako isuna jarri zieten “batzokia” izena idatzia agertu zelako. Beste horrenbeste “naziotasuna” bezalako hitzekin.

Lerrootan idatzitakoa lagin txiki bat baino ez da. Ugariak izan baitira 100 urteko ibilbidean ARGIA kate motzean lotzeko saiakerak. Garaiak garai, Argia Jendeak proiektuari eusten jarraitu izan du, eta irabazitako lehia oro bezain garrantzitsua izan da babesa errepresioari aurre egiteko. Argia da etxe barrutik helarazitako mezua: informatzen jarraituko dugu, orain arte egin dugun bezala.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA