[Koldo Izagirre] Picassok bazekien, Gernika izanen zena margotzeari ekin zionerako, gerrak berak eskainiko ziola titulurik onena.
1937, apirilak 25. Euzkadiren askatasuna idazten diardugu gure mendietan. Joaldirik bizienak Elgeta-Elorrio aldean. Gure mutilak, abertzaletasunak bakarrik eragin daiken indarraz, oinik oin zaindu ta aldeztuten dabe gure lurra. Paxisten egazkin ugari mendietan. Galdakano, Erandio, Lexona ta Getxo suagatu zituzten atzokoan paxistar basatien egazkinak. Apirilak 28. Gure mutilak kementsu ta zindo agertuten dira. Arerioaren asmo ta gurariak ondoren latza eruango dabe. Atzo egunez joaldi beruak egin ziran Durango ingurutan, baina gureak atzerantz jaurti eben arerioa. Paxisten egazkinak ezin nasaitasunez ibili laino artean. Eguraldi txarra. Apirilak 29. Tinko, euzkotarrak! Irmo! Paxisten gurariak ezereztu ta atzeratuteko guztiok gertu! Durango ingurutan joaldi gogorrak. Aldi larri oneitan Aberriari bere burua eskintzen aztautsana ezta abertzale zindua. Apirilak 30. Gora biotzak euzkotarrak, eta aurrera! Gurasuak daukazanak, gurasuakaitik. Semiak dauzanak, semetxu maitiakaitik. Ezkongei dagozanak, euren emaztegaiakatik. Guztiok oldozkun bategaz, gure maitasun guztiak bere babespian artuten dauzan Euskadiren askatasunarren, arerioa zapaldutera! Maiatzak 1. España itxaslapurra betiko ondoratuta geratu da. Santander aurrean, ingeles merkante bateri jarraitzen asi zanean, egazkinlariak bonbak jaurti ta ondoratzea lortu eben. Itxasertzetik lau milara, antxe geratu da betiko. Españaren ondoratzeak poza ta adorea gure gudarietan.
Gerra sortu zenetik lantu bera Eguna egunkarian, Egazkinak bear doguz, egazkinak bear doguz! Eta Madrilek poemak bidaltzen: Eutsi Bilbao, eutsi burdinazko euskaldun leialok!
Motorrak eta hegalak eman zizkigun Picassok.