[Miren Osa Galdona] Harreman estua bezain berezia du ARGIAk Kataluniarekin. Modu askotako elkarlana egon da (eta dago) ARGIA eta hainbat hedabide katalanen artean.
Euskaldunon Egunkaria sortu berritan, El Periodico eta El Punt hedabideek pisuzko garrantzia izan zuten egunkariaren dinamika eta metodologia zehazterakoan. Hala egin zituen lehen kontaktuak Pello Zubiriak kataluniarrekin.
Aro digitalean sartu berritan ere, interneteko jarduna hobetzeko Kataluniari begiratu zion ARGIAk . Xabier Letonak azaldu duenez, “erreferente” moduan ikusten zuten 2000. hamarkadako langileek Vilaweb kazeta. Argiak ordurako webgunea sortua bazuen ere, Vicent Partal eta konpainiak zituzten ezagutza teknologikotik urrun ikusten zuten euren burua. Zer hoberik orduan maisuarengatik ikastea baino? Hala joan ziren Vilawebeko erredakzioa ezagutzera, eta han ikusi eta ikasitakoaren ondoren iritsi zen ARGIAko lehen ikus-entzunezkoa, 2006. urtean.
Bada beste gertakari bitxi bat. Carles Puigdemontek, Kataluniako presidente izan aurretik, ARGIAn kolaboratu izan zuen. Harremana mantendu zuten bi aldeek eta noizean behin mahai baten bueltan bildu izan ziren. El Punt astekariko erredaktore burua zen garai hartan Puigdemont. Gironako alkate gisa ere idatzi zuen artikulu bat edo beste ARGIAn.
Gaur egunera etorrita, tokian tokiko panorama politikoari erreparatzeko asmoz hasi ziren ARGIA eta La Directa elkarlanean duela hainbat urte (El Salto ere operazio horren parte da). 2006ean ezagutu zuten elkar Axier Lopez eta David Bou kazetariek, Ahotsa.infok Iruñean antolatutako jardunaldi batzuetan. Pixkanaka, kazetaritza independentearen aldeko elkarlana sustatzen hasi ziren hedabide hauek. Saretze horren emaitzak dira, besteak beste, Telegram kanal propioa, Els carrers seran sempre nostres kamiseten irabazien zati bat La Directa indartzeko baliatzea eta David Bouren kolaborazioa ARGIA astekarian.
ARGIA eta Kataluniaren arteko harremana emankorra izan dadila urte luzez. Apirilaren 5ean 18:30ean Gasteizen hitzaldia emango du Kataluniako prozesuaz Directa hedabideko Jesus Rodriguezek.