“100 urteko soka-dantza” dokumentala: Soka askatzeko asmorik gabe

argia
0
“100 urteko soka-dantza” dokumentala ETBn emango dute apirilaren 14an, igandea 15:00etan.
Argia.eus webguneko multimedia atalean ikusgai egongo da apirilaren 15etik aurrera.

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gorde apirilaren 14a. Egun pasa egiteko asmoa duzula lagunekin, zure lan prekarioagatik hilabetean igande bakarra duzulako jai? Bada utzi egun pasa maiatzeko iganderako. Bikotea eta biok irakasleak zaretela, Aste Santuan bi aste oso dauzkazuela opor, eta furgoneta eta bi umeak hartuta ostiralean bertan mendira zoaztela? Bada abiatu astelehenean. Aurreko gauean parrandan ibili zarela eta bazkalostea sofan luzatu nahi duzula? Hauxe da zuretzat aukera paregabea! Argiaren 100 urteen errepasoa egiten duen dokumentala botako dute 15:00etatik aurrera ETB1en.

Hiru Damatxo taldeak egin du ikus-entzunezkoa, 100 urteko soka-dantza. Komunikazio proiektuaren ibilbidea azaltzea du asmo, “fraideen gonapetik hasi eta gaur egungo kazetaritza independenteraino”, esan digu Kepa Matxain grabaketa eta edizio lanetan ibili den damatxoak. Argiaren historia azaltzeko mundu mailatik Euskal Herriraino ekarriko gaituzten gertakarietan jartzen du lentea dokumentalak, herri honetan ernetzen ari zen euskarazko komunikabidearen ibilbidea egoera globalean kokatzeko. Eta nola ez, historia honetako protagonisten testigantzak dira soka-dantzaren kontakizunen oinarri nagusi. Horrek muga bat du, ordea, denborak ez baitu barkatzen. 1976ko Zeruko Argia hartatik gaurko Argia honetara arteko testiguek hitz egiten dute dokumentalean, Elixabete Garmendiarengandik hasi eta Gorka Bereziartuarenganaino. 1919tik 1976rainoko tartea hemerotekatik osatu dute, Zeruko Argia-z idatzita dagoenetik, entzundakoetatik.

Belaunaldiz belaunaldi egin dute errepasoa. “Kuriosoa da nola bakoitzak bere garaian eta bere modura, baina oinarrian soka berari heltzen dioten”, dio Matxainek. Zaharrenek bezala gazteenek hitz egiten dute enpresa ulertzeko eta egiteko modu batez, kazetaritza entenditzeko era batez, herri ekimenetik sortu eta langileena den enpresa batez, autonomiaz, independentziaz… “Antzeko kodeak darabiltzate, ñabardurak ñabardura, belaunaldi guztiek”, jarraitu du.

Sarri ikusi dizkio Argiak Damaso Intzari bizarrak, baina tente dirau, eta hurrengo belaunaldiak ere ez du soka askatzeko asmorik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA