[Miren Osa Galdona] Hogeita hamalau urtetan ARGIAko zure jarduna umorean zentratzen baduzu, zure lana “oso serio” ez hartzea leporatu diezazueke. Ez zaituzte seriotzat joko, ezta ere, hedabide horren 100 urtetako ibilbidean umorezko edukiaren zati handi batek zure sinadura izan badu, eta, are gutxiago, zure azken lanari TxoraKIKEriak izena jartzearekin gutxi ez-eta, Mona Lisaren koadroari zure aurpegia gehituz muntaia irribarretsu bat aurkeztu baduzu jendartean.
Umorea, baina, oso kontu serioa dela ondotxo daki Kike Amonarrizek. Hiru hamarkadaz txiste-kontari aritu zen Argian, “kasualitate” baten ondorioz. Amonarrizen beste txiste bat dirudi gertaerak: “Euskal Filologia ikasketak amaitu berritan hasi nintzen ARGIAn kolaboratzen, beste pare bat ikaskiderekin. Zutabe umoretsu bat genuen, edukiz jantzi behar zena, baina egun batean edukirik ez nuela-eta, txiste sorta bat jartzea otu zitzaidan”.
920. alean argitaratu ziren estreinako txiste haiez geroztik, makina bat gai eta esparru jorratu zituen Kikek ibilbide osoan zehar. Irakurleek asko estimatu izan duten txokoa izan da, eta egileak ere konpromisoz erantzun zuen astez aste ARGIArekin zuen hitzordura: “Frantziari asko begiratzen nion txisteak egiterakoan. Asko gustatu izan zait betidanik frantsesen umorea. Kalean entzundakotik ere idazten nuen. Baita itzulpen ez zuzenak egin ere. Esan behar dut, hala ere, amaierako txisteak politikoki kritikoagoak direla hasierakoak baino; zerbait ikasi izanaren seinale izango ote da”, dio garai ez hain zaharrak gogora ekarriz.
Txisteak geroz eta algara handiagoa eragiten hasi ziren, eta hala iritsi ziren, besteak beste, Joxe Ramon Galarraga eta biak herriz herri ibili ziren Txiste Afariak, Arpa jotzen (Iñigo Aiestaranekin batera ateratakoa) zein Txorakikeriak liburuak (hauetan lehenengoa Xabier Telleriarekin batera egindakoa), eta Txisteka Misteka kaseteak (Galarragarekin hau ere); azken honetatik ateratako dirua ARGIA sostengatzeko erabili zen, egileek hala eskatuta. Kolaboratzeari utzi gabe, Euskal Telebistan hasi zen lanean Amonarriz, Txiskola saioan, hori ere umoreari lotutakoa. Urte batzuk beranduago, aldiz, erredakzioaren erraietaraino sartu zen, komertzial lanetan aritzeko: “Asko ikasi nuen bost urte haietan: taldean lana egiten, jendaurrera egoten, komertzial munduaz, eta abar. Durangoko Azokan ARGIAko mahaian egotea izugarria izaten zen niretzat”.
“Mimoz eta maitasun handiz” oroitzen ditu ARGIAn pasatutako urte mordoak, uste ez zuen ate bat ireki baitzitzaion hasieratik –umorearena–, eta hari lotua egon baita, modu batera edo bestera, arlo pertsonal nahiz profesionalean. Irribarre berarekin oroitzen zaituzte ARGIAren Lasarteko egoitzan Kike, txistez eta seriotasunez bete zenuen txoko beretik.
1 Iruzkin
Argia aldizkariaren harpideduna izan nintzen eta orain atzera itzuli nahi nuke, euskararen garrantziaz kontaru bainaiz eta Euskalerriko herkidea naizelako.