Goiener-ARGIA elkarlana: Korronte berriztagarriak, korronte jasangarriak

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Noizbait kontatu nizun, irakurle, 2017. urtearen hasiera aldera izango zen, ARGIA GoiEner-eko bazkide egin zela. GoiEner, energia berriztagarriak, trantsizio energetiko bidezko eta jasangarria… Pauso bat gehiago eman dugu elkarrekin, eta hitzarmena sinatu dugu.

Sarri azpimarratzen ditugu orrialde honetan gure baloreak, ondo asko ezagutzen dituzunak, ARGIA Jendeak partekatzen dituenak. Eta sarri esan dugu ARGIA Jendea ez dela soilik harpidetza ordaintzen duena, muga zabalagoa du gure inguruak eta ARGIA Jendea heltzen da gure baloreekin bat egin eta gurekin elkarlanean ekin nahi dutenetaraino. GoiEner da horietako bat. Printzipio batzuk konpartitzen ditugu: harreman ekonomikoetan tokian tokikoa eta bide laburreko interakzioak lehenesten ditugu; ekonomia eraldatzailean, etekin ekonomikoaz harago pertsona erdigunean jartzen duen ekonomian sinesten dugu; eta ingurumen ikuspegitik kontsumo, merkataritza eta ekoizpen prozesu jasangarriak sustatzea dugu helburu.

ARGIAk interes handiz jarraitzen du GoiEnerrek trantsizio energetiko bidezko eta jasangarriaren alde garatzen duen jarduera, eta aldi berean, GoiEnerrek bat egiten du ARGIAk euskaraz eta Euskal Herrirako egindako kazetaritza independentearekin, gizarte jasangarri eta demokratikoago baten alde lan egiteko tresna gisa ikusiz.
Zergatik ez elkarri lagundu?

Oinarri sendoa du, beraz, hitzarmenak, eta bi proiektuak sinetsita daude bakoitzak bere eremuan bestea indartu lezakeela. Beraz, zer da sinatutakoa? Elkarte bien jardueren berri ematea da lehen puntua. Komunikazioak egitea. Bakoitzak bere esparruan, GoiEnerrek bere barne-sarean, prestakuntza eta sentiberatze kanpainetan, esaterako. Eta ARGIA komunikabidea denez, bere edukien bidez, sare sozialetan edo publizitate gisa. Bazkidetze deiak egitea da bigarren puntua. GoiEnerrek bere bazkideen artean ARGIA Jendea egitea sustatuko du, eta aldi berean ARGIAk energia kooperatibara batzeko deialdiak zabalduko ditu. Eta hirugarren puntu bezala geratu da sinatuta sustapena. Batetik elektrizitatea GoiEnerren bidez kontratatzera gonbidatuko ditu bere harpidedunak ARGIAk, eta bestera, GoiEnerrek bere bezeroei kazetaritza independentea bultzatzeko dei egingo die.

Eta hau guztia oraintxe GoiEnerrek 10.000 bazkideko muga pasa duenean. Pixkanaka geroz eta gehiago gara korronte berriztagarri eta jasangarrian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA