[Miren Osa Galdona] 1980ko azaroaren 29an Oñatin hasi, eta abenduaren 7an Bilbon amaitu zen historiako lehen Korrika. 10.000 pezeta balio zituen kilometroak, eta, besteak beste, Euskal Herria euskalduntze eta alfabetatzearen aldeko kanpaina izan zen, AEK ezagutzera emateko balio izan zuena. Luze eta zabal idatzi zuen Korrikaren aurretik Elixabete Garmendiak Argian ekimen berriaz. Erreportajea irakurrita orduko ilusioa senti daiteke, Euskal Herriko zazpi probintziak batuko zituen lehen ekintza zoro haren bezperetan.
Biharamunean, ordea, ospatzeko arrazoiak dozenaka izan arren, kritika zorrotza egin zuen Garmendia berak Argian, ez antolatzaileei, Euskal Herria euskaldunago bilakatu zedin (dadin) erantzule zen orori baizik: “’Parte hartzaile asko, diru gutxi’ izan da hitz laburretan Korrika Euskal Herria kanpainaz komunikabideek eskaini diguten balantzea”. Horra artikuluaren lehen esaldia; argia, zuzena eta euforia kolpetik kentzeko modukoa.
Gaur egun, festa eta aldarrikapena den ekimenak ez baitzuen halako babesik izan hastapenetan: ez parte-hartzaile faltagatik, hedabideek nahiz erakunde publiko zein pribatuek ez zutelako herriak adina sostengu adierazi baizik. Argazkiaz haragoko inplikazioa eskatu zien Garmendiak administrazioko kargudunei, aipatutako kronikan: “Politikoekin jarraituz […] nork jarri behar ditu hemen bideak, azken finean dirua, euskalduntze eta alfabetatzearen prozesoa burutu ahal izateko? milesker, jaunok, zuen txandala jantzita ala jantzi gabe, berdin da, mila metro korrika txikian egiteagatik, baina hurrengo korrikarako zuen oinak eta irudi ospetsuak baino zerbait gehiago jarriko al duzue […]”.
Jarraipen periodistikoa egiteaz gain, Argiak betidanik eraman du lekukoa Antza inprimategiarekin elkarbanatutako kilometroan. 2015ean Korrika zer den azaltzen duen testua 30 hizkuntza baino gehiagotara itzultzeko auzolan erraldoia antolatu zuen Argiak. Arrakasta handia izan zuen itzulpen-kolektiboaren ideiak, eta ordutik, besteak beste hassanieraz, katalanez edo errusieraz eskuratu daiteke Euskal Herriko performance handienari buruzko oinarrizko informazioa.
Aurten 2050. kilometroan eraman dute lekukoa Argiak, Antzak eta Iametzak. Zenbaki borobila are borobilagoa den efemeridean. Urteak pasatu badira ere, Elixabete Garmendiak lehen kronika hartan zehaztu bezala, “argazkiarekin ez baita nahikoa”, inplikazioak handiagoa izan behar du Euskal Herria euskalduntzeko.
1 Iruzkin
[…] ba Korrika ez bada berrikuntza soziala? (performance erraldoia berba ere irakurri dut orain ez asko Argia aldizkarian Korrikari buruz). Edo Euskaraldia, edo toki mailako komunikabideak (hasieratik punta-puntakoak izan […]