[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aitzakia ederra topatu dute urte osorako ARGIAko hauek”. Horrela, hain gordin, esan dit lagun batek ostiralean pote pare bat hartzen ari ginela, mendeurrena ospatzen jarraitzeko maiatzerako antolatuta dagoena kontatu diodanean. “Normalena litzateke horrelako urteurren batean, konpromisoz denek erosi baina gero inork irakurriko ez lukeen liburu potoloren bat argitaratzea ARGIAk; baina zuek ez, zuek egun pasak egiten dituzue, Iruñera, orain Leurtzako urtegira… eta bide batez, bazkaltzera”.
Arrazoi eman diot, berak ironia puntuarekin bota duenari buelta emanez. Ez al da aitzakia benetan polita, horrelako gauzak antolatzeko, komunitatea indartzeko, elkar ezagutzeko, harremanak sendotzeko eta gure bazterrak ondo ezagutzen dituztenen laguntzaz bisitatzeko? Iñaki Sanz Azkue eta Ander Izagirre Egaña biologoak izango dira ibilbidearen gidariak. Biak Aranzadi Zientzia Elkarteko kideak, eta narrasti eta anfibioetan adituak.
Urtegi inguruko fauna ezagutzeko aukera izango dugu eta ekosistema horretan bizi diren animaliak bilatu ahal izango ditugu partaide guztiek, adin guztietarako prestatutako bisita izango baita. Narrasti eta anfibioak nola bilatzen diren erakutsiko digute, zer behar dugun horretarako, aurkitu nahi dugunaren arabera nola eta non bilatu… Topatutako izaki horiei buruzko azalpenak emango dituzte bi adituek, eta parte-hartzaileen galderak eta zalantzak ere erantzungo dituzte.
Dena den, ez da beti zorterik handiena izaten horrelako bilaketetan, eta badaezpada, paperezko euskarrietan ere eramango dituzte urtegiaren bueltako ekosisteman biltzen diren narrasti eta anfibioen irudiak. Landa koaderno bana oparituko zaio partaide bakoitzari eta bertan izango ditu koloreztatzeko animalien marrazkiak.
Leurtzako urtegiko informazio gunean elkartuko gara maiatzaren 18an 10:30ean, eta 14:00ak aldera bukatuko dugu bisita gidatua. Eta han gaudela aprobetxatuz, bertako mahaietan mokadutxo bat eginez emango diogu amaiera irteerari. Jatekoa bakoitzak etxetik eramateko gonbitea zabaltzen dugu, eta edaria ARGIAren kontu.
Garrantzitsua: kopuru mugatua. Eman izena
Txikitik eragiten lema maiz erabiltzen du ARGIAk, eta oraingo irteeran kopuru oso mugatua izango da, ingurumenean ahalik gutxien eragiteko, eta behatuko ditugun anfibio eta narrastiekiko errespetua bermatzeko. Gehienez 35 laguneko taldea izango da, beraz, eman izena lehenbailehen argiak100urte@argia.eus helbidera idatzita.
Txangoan aurkitu ditzakegun anfibio eta narrastiak
Eñaut Aiertzaguenak marraztu ditu Leurtzan ikus ditzakegun espezieetako batzuk: