Antton Olariaga: Marrazki bidezko kazetaritza

argia
0
Ilustratzailea 1978an,  bere pertsonaiez inguratuta. Argazkia: ARGIAko argazki artxiboa.
Ilustratzailea 1978an,
bere pertsonaiez inguratuta. Argazkia: ARGIAko argazki artxiboa.

[Miren Osa Galdona] Harri bat zingirara botako balu bezala bidali zituen lehen lanak Antton Olariagak Zeruko Argiara. 1972. urtea zen, frankismoa gainbeheran zegoen, eta ordu arteko egoera soziala medio, “dena egiteko” zegoen garaia zen, bai euskal prentsa idatzian behintzat: aldizkarien eta egunkarien diseinua oso klasikoa zen, hitzetara mugatua. Komikigintzak eta sormen artistikoak egun euskarazko prentsan lekua izatea Olariagari ere zor zaio.

Euskal Herritik kanpo bizi zenean hasi zen Zeruko Argiarekin kolaboratzen, aldizkariak egunkari formatu klasikoa zuen garaian. Bere lanek lekua izan zezaketenik ere duda egiten bazuen ere, euskaraz txisteak kontatzeko ezinegonak bultzatuta bidali zuen lehen gutuna Donostiako erredakziora. Harridura handiz jaso zuen erantzuna: gai sozialak jorratuz umorezko lan haiek argitaratu egingo zituzten. Lehen urratsa baino ez zen, ibilbide oparo baten hasiera: erreskadan etorri ziren orrialde oso bat betetzeko zeregina, Mozorrozko eta Hormaspray pertsonaiak, ARGIA eraberrituaren azalak diseinatzen hastea eta sagardotegi sasoia iragarriz kartelak egitea… Gaiak lantzeko orduan inspirazioa, esaterako, Frantzian aurkitu izan duen arren, Hernanitik Donostiara garraio publikoan bidaia bat egitea baino ez dagoela dio edozerri buruz marraztu ahal izateko, zer esanik ez mugikorrek gizartea irentsi duten garaiotan.

“Honetatik” bizi nahi zuela-eta, ahalegina behintzat egingo zuela esan izan die monigotegile hutsa zela uste izan dutenei. Komikigile bat beti izango baita marrazkiak baino egiten ez dituen norbait publiko jakin batentzat; artearen bidez dirua irabaztea zilegi ez balitz moduan. Euskal kulturgintzan jardun izan den edozein sortzailek pairatu behar izan dituen zailtasun berei egin behar izan diela aurre dio, baldintza ekonomiko kaxkarrei batez ere. Halaber, behin sorkuntza munduaren onarpena eta sari ugari jasota, lana egiteko motibazioa “bikoiztu ala hirukoiztu” egin zaiola dio. Energia hori baliatuz, ia 40 urte daramatza paperari bizia emanez. Ordenagailua eta kolorea “berrikuntza izugarria” izan dira, lana egiteko modua eta ohiturak aldarazi baitizkio. Gakoa, ordea, maiztasuna dela dio, entrega data izateak “adrenalina eta presio” puntua gehitzen baitio sormenari.

Bizi Baratzearako ere ilustrazioak egiten ditu azken urteetan. Joko-zelai berri bat izanda ere, “gogoz eta gustura” dabilela dio, beti izan baitu gauza berriak ikasteko grina: “ ARGIAren mendeak mila urte eman dizkit niri. Argiari esker euskaraz lan egiteko aukera izan dut eta une oro nahi nuena esaten utzi didate, sorkuntzarako askatasuna utziz”. Ez da gutxi zuk aldizkari honi emandakoa, Antton. Edukiei izaera eta bizia eman zenien dena grisa zen garaian, horren aldeko apustua inork gutxi ziurtatzen zuen aldian. Jarrai beza hala izaten beste urte luzetan, Antton!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA