Elixabete Garmendia: “Joan ginenok burumakur joan ginen, eta geratu zirenek izugarrizko ausardia erakutsi zuten”

argia
0
Argazkia: Dani Blanco.

Ez zen ez lehen zuzendaria, ezta lehen emakumezko kazetaria izan ARGIAren 100 urteko ibilbidean. Bada, mugarri eta une historiko zehatzean norabidea markatu zuen hiru emakume argi horietako bat da: Elixabete Garmendia Lasa. ARGIAko erredakzio “bohemiotik”  aspaldi aldendu bazen ere, kate motzean jarraitzen du, proiektuaren parte sentitzen. Maiatzaren 28an, 19:00etan Donostiako San Telmo Museoan emango du hitzaldia “Argiak 100 urte: Zerukotik lurrekora zikloaren baitan”. Aukera baliatu dugu elkarrizketatzeko. Pasa den asteko astekarian argitaratu zen elkarrizketaren zati bat, eta hona hemen osorik:

Zer dela-eta, eta noiz sartu zinen Argian?
1976ko uztailean sartu nintzen erredakzioan, unibertsitate ikasketak amaitu eta berehala. Kazetaritza amaitu aurreko ikasturte guztia Zeruko Argia inprimatzen zen inprentara joan-etorrian pasa nuen, Iruñean, probak zuzentzera joaten bainintzen. Ordurako pare bat lan ere argitaratuak nituen. Kurtso oso bat aldizkaria irakurtzen pasa ostean, uste dut prest nengoela erredakzioan sartzeko.

Niri Anaitasuna gustatzen zitzaidan ordurako euskara batua ezarria zuelako idazkeran, besteak beste. Zeruko Argian ez zen horrela: kolaboratzaileen esku uzten zuten euskara batuan edo euskalkian idaztea. Hala ere, 1976ko udarako jada erredakzio barruan erabaki zuten hizkuntza moldea euskara batua izan behar zela. Anaitasuna gainera homogeneoagoa eta nabarmen ezkerrekoagoa zen, eta niri hura gustatzen zitzaidan irakurtzeko. Parean, baina, Zeruko Argia tokatu zitzaidan.

Aipatu izan duzu zure Zeruko Argian euskara batua ezartzea eta kazetaritza estiloa sartzea izan zirela zure hasierako bi helburuak.
Kazetaritza estiloari dagokionez, nik dakidala euskaraz idazten zuten kazetarien artean momentu hartan kazetaritzako ikasketak eginak zituen bakarra Miren Jone Azurza zen. Pilar Iparragirre eta biok bigarren olatukoak ginen. Une hartan iritzi artikuluz osatzen zen Zeruko Argia, nahiz eta tarteka beste genero batzuk ere lantzen ziren. Luis Alberto Aranbarri “Amatiño” aitzindari izan zen horretan: elkarrizketak, erreportajeak eta denetik egiten zituen salbuespena zen. Euskarazko kazetaritzan kazetaritza generoak behar zirela ikusten genuen, ez besterik.

Nortzuk aritzen zineten erredakzioan eta zein ziren kolaboratzaileak?

Mikel Atxaga zen erredakzioaren barruan erdigunea ni sartu nintzenean. Kaputxinoen aldetik, Cayetano Eceiza zegoen, ordezkari eta lehendakari moduan. Kolaboratzaileei dagokionez, berriz, jende asko zegoen Zeruko Argiaren inguruan. Lehen aipatu dudan Amatiñok, esaterako, kanpotik bidaltzen zituen lanak, izan ere, bere enpresa propioa zuen. Kolaboratzaile finkoa zen, noizbehinkakoak ziren beste batzuek, baina Zeruko Argia guztion etxea zela esan daiteke: 1963tik euskal tradiziotik zetorren jendeak idazten zuen, intelektuak ugari ere bazeuden, gazte asko batu ziren urteak aurrera egin ahala. Ahots ezberdinen plataforma bat bezalako zen. Gainera, urteak pasa ahala aberastu egiten zen, kolaboratzaile berriak eskuratuz. Toki irekia zen, bai fisikoki –Donostiako Okendo Kalean zegoelako erredakzioa–, baita ahotsei dagokienez ere. Kaputxinoen etxepeko atea beti zabalik egoten zen, eta horrek lotura handi suposatu zuen hainbat jenderen artean. Aipatutako kolaboratzaileez gain, argazkilariak ere nabarmendu behar dira, baita genituen grafistak ere. Antton Olariaga ordurako bertan zebilen. Larunbatetan joaten zen artikuluak ilustratzera. Bixente Ameztoy ere izan genuen azalak egiten. Hau da, auzolanean egiten zen produktua zen.

Argazkia: Dani Blanco.

Nola antolatzen zineten lana egiterako orduan?

Egia esan, egunerokotasunean nahiko bohemioak ginen; goizean goiz lana egin baino, iluntzean nahiago izaten genuen. Larunbatetan ere lana egiten genuen; egin beharko! Gaiak aukeratzeko orduan beste hedabideei begiratzen genien. Mariano Ferrer erreferente handia zen guretzat, besteak beste. Hala ere, esan behar da izugarrizko emana zegoela kolaboratzaileen aldetik: artikulu, manifestu, panfleto… denetik jasotzen genuen, eta maiz horiek izaten ziren gure informazio iturriak. Kalean ere asko ibiltzen ginen, eta hortik ere jasotzen genuen beharrezkoa zitzaigun materiala. Denboraz oso justu ibiltzen ginen beti, azken orduan, korrika eta presaka, baina azkenean beti ateratzen genuen aldizkaria. Ez genuen antolaketa sofistikaturik, dena anarko xamarra zela esan daiteke.

Kolaboratzaileak beste mediotan “ahotsik gabekoak” zirela aipatu duzu Soka-Dantza dokumentalean. Zer suposatu zizuen horrek?

1977tik aurrera, Deia eta Egin sortu ziren. Horiek sortzearekin Zeruko Argia hustu egin zen. Deiara joan ziren Mikel Atxaga eta Amatiño. Eginera, ordea, Donato Unanue orduko kudeatzailea eta Xalbador Garmendia zuzentzailea. Kolaboratzaile asko ere baten edo bestean banatu ziren. Bietarako eman zuen Zeruko Argiak. Prozesu hartan euskara hutsezko hedabide modura geratu ginenak gu izan ginen, denborak erakutsi baitigu besteen elebitasuna zertan oinarritzen den. Gutaz aparte, bazen kanpoan jende bat guk sinesten genuen proiektu berdinean sinesten zuena. Hau da, egunkari eta aldizkari elebidunek ez zutela betetzen euskarazko hedabide baten tokia eta horri eutsi behar geniola. Hortik hurbildu zitzaigun jendea. Horrez gain, ezkerreko emana jasoz joan ginen, eta talde ez antolatutan edo talderik ez zuen jendeari, baina halako joera ezkerrekoa eta aurrerakoia zuen jendeari espazioa eman genion; horien ahotsa bihurtzen joan ginen.

Kazetaritza aldetik, Zeruko Argia hustutzeak zein nolako eraberritzea ekarri zuen? Nola izan zen aldaketa?

Ezegonkortasun sentsazio batekin bizi izan genuela esango nuke, erabat galduta egon gabe. Gogoan dudana da, oso fina zen kolaboratzaile batek behin esan ziguna: “Baina nola geratu behar duzue!”. Erresistentzia sentsazioa bai izan genuen. Hori bai, hustu ahala, berritu egiten zen: ordurako, esaterako Joseba Sarrionandia jada gurekin hasia zen. Beste izen batekin sinatzen zuen, garai hartan jende askok egin bezala. Artikuluak bidaltzen hasi zen azken pelikulari buruz, marxismoari buruz, liburuei buruz… Ikaragarri gustatu zitzaigun. Berarekin harremanetan jarri, eta fitxatu egin genuen. Hori bezala, Itxaro Bordak Iparraldetik bidaltzen zizkigun bertso-poemak. Horiek aipatzen ditut ezagunak izatera iritsi direlako. Hori zuen Zeruko Argiak; irekia zen, zabalik zegoen eta hainbat jendek jotzen zuen bertara. Kolaboratzaile oso inportanteak, nire ustez, Koldo Izagirre eta Ramon Saizarbitoria izan ziren, egin zutena egin zutelako. “Baietz astea gaizki bukatu” eta ondoren “O Euskadi” sailak egiten zituzten, kazetaritza literario batetik baina beti ere egunerokotasuneko gaiak jorratuz. Lan horiek oraindik ez ditu gainditu euskarazko kazetaritza literarioak.

Gai batzuei tinko heltzeko baliatu zenuten aldaketa egoera gorabeheratsua hura edo berez etorri ziren, plangintza zehatzik gabe?

Nik uste agian bileran horrela esan gabe “orain hau landuko dugu” giroak berak eraman gintuela zenbait gairi buruz idaztera. 70eko hamarkada zen, Franco 2 urte lehenago hilda, dena borborka zegoen. Lehen aipatutako hartu-eman horretan, auzo elkartzeak sartzen dira, oso indartsu baitzeuden garai hartan. Baita gazte erakundeak ere, sortzen hasiak baitziren, beti bat baino gehiago sortzen dira Euskal Herrian. Beste hainbeste esan daiteke sindikatuez: ELA berpizten eta LAB sortzen. Zer esanik ez milaka sigladun alderdi politikoez, zopa letra osatzerainoko zerrenda zegoen 80ko hamarkadaren bezperetan. Mugimenduak berriz, ekologismoa eta feminismoa aipatu behar dira. Guzti horiek guren sarbidea zuten. Tokia ematen saiatzen ginen, ez beti, manifestuak erdaraz bidaltzen zituztelako eta horiek itzultzen nahiko lan izaten genuelako. Baina giroak eraman gintuen ezkerreko joera horretara, pentsaerak eta  ideologia jakin batek baino.

Emakumea, kazetaria eta euskalduna. Zein erresistentzia bizi behar izan dituzu zure burua hiru ardatz horien gainean definitzeagatik? Kontuan hartuta, gainera, zuzendaria izan zinela.

Zuzendari izatearena anekdota hutsa da: informazio orokorreko aldizkari bat kaleratzeko unibertsitateko tituludun norbaitek izan behar zuen zuzendari. Lehenago beste askok eman zuten euren izena, eta orduan ni neu erredakzioan lanean nengoenez, nire izena eman nuen. Ez du beste misteriorik. Funtzionamendua, gainera, nahiko asanblearioa zen, taldean hartzen ziren erabakiak, orduan nire rolak ez zuen eragin berezirik eguneroko jardunean. Egia da zenbait gatazkaren aurrean nik eman behar izan nuela aurpegia, baina orokorrean emakume izatearen aldetik, esango nuke garai hartan ez zela hain ziala emakume batentzat muturra sartzea, kazetaritzan behintzat. […] Gainera, hiru emakumek toki berean egin genuen topo. Sarrionandiak “hiru emakume argiak” gisa definitu zigun Akordatzen liburuan. Hala ere, esango nuke orduko hartan zeresana bai eman zuela erredakzio berean hiru emakume egoteak Donostia bertan. Dena guztion artean erabakitzen zen arren, eta guztiok nahiko bohemio-anarkoak ginen arren, emakumeok kontzekuenteagoak ginen gure jardunean. Baita garbiketaz ere, izan ere, batzuek ez zuten ikusten garbitu egin behar zenik ere. Txandak antolatu genituen. Oso gauza sinpleak dira eta anekdotikoak dira, baina ziur aski adierazten dute zein portaera zeuden garai hartan.

Zuek ezarri zenuten feminismoa Zeruko Argian? Gaiak aukeratzeko orduan edo?

Gure aurretik jada baziren emakume feministak Zeruko Argian idazten zutenak, mugimendu feministan zebiltzanak. Amaia Lasa eta Mariasun Landa, esaterako. Gaiak aukeratzeaz, Pilar Iparragirre izaten zen gehien bat zenbait gai jorratzen zituena, emakumeentzat zirenak eta feminismotik zetozenak. Oso esanguratsua izan zen, oihartzun handikoa, Share Hit informea. Emakumeen sexologiaz ziharduen txosten bat zen. Pilarrek horren inguruan idatzi zuen eta izugarriak entzun behar izan zituen. Emakumezkoen sexualitateaz idazteagatik! Garai bertsuan, baita ere, abortoaren eskubidearen aldeko borroka egon zen. Basauriko hamaika emakumeren kasua oso garrantzitsua izan zen. Horren berri ere eman genuen eta horren ondorioak ere pairatu. Bestalde, azal bat ere bazen, Andres Nagel pintore ezagunak egina, umeki baten irudi artistikoa irudikatzen zuena. Onartu behar da fuertea zela, baina ederra zen. Zer pentsatua ematen dit, horrelako gauzak gaztelaniazko eta frantsesezko medioei utziko zitzaizkien, baina euskarazko munduak garbia eta puroa izan behar zuen. Nik uste horrek zerikusia duela, hau da, guk gauza ausartak egiten genituen, baina Zeruko Argiatik baja eman zuen jende askok seguru nago Share Hiten txosten hura gaztelaniaz irakurri bazuen Cambio 16 aldizkarian, ez zuela ezer esango. Garai hartan harpide klasiko askok baja eman zuten, gainbehera totala izan zen. Maiatzaren 28an emango dudan hitzaldirako paperak errepasatzen ari nintzela, garai hartako gutunak aurkitu ditut. Kasu askotan irain hutsezko gutunak dira, irain pornografrikoak. Horrek bai ematen dit zer pentsatua. Lehen aipatu baitut emakume kazetaria izateagatik ez nuela halako jazarpenik jasan, baina pentsatzen jarrita, konturatzen zara halakoka ez zitzaizkiela gizonezkoei bidaltzen. Nik hiru dauzkat gordeak, baina ziur naiz gehiago ere jaso genituela.

Irakurle profila ere aldatzen joan zen?

Bai, irakurle profila aldatzen joan zen urteek aurrera egin ahala. Lehen esan dudan bezala, 70eko hamarkadako egoerak asko baldintzatu zuen eta guk irakurle gazteak lortu genituen. Hala ere, esan behar da, ez zela behar besteko jendea hurbildu Argia irakurtzera. Ostolazak Soka-Dantza dokumentalean esan zuen bezala, “Argia? Argia oso ondo, oso jatorrak dira, oso lan ona egiten dute”, baina gero, harpidedun egiterako orduan, askok bai, baina beste askok ez uzten dirurik ematen. Hor ere beti egon gara borrokan.

Nola bizirauten zenuten?

Bada, gaizki xamar. Nik neuk 80ko abenduan utzi nuen ARGIA. Zergatik utzi nuen? Detailea honakoa da: uda hartan aitari eskatu behar izan nion dirua bidaiatxo bat egiteko. Ordurako jada ez genuen kobratzen. Aitari negarrez eskatu nion dirua eta hori izugarrizko umiliazioa izan zen niretzat. Hor, jada, erabaki nuen ezin nuela soldatarik gabe jarraitu. Ez nuen aitarengandik bizi nahi, eta beste bide batzuk bilatu nituen: euskara klaseak lehenik, Gipuzkoako Diputazioan ostean… Egia esan langabezian ez nintzen sekula ere egon. Oso agortuta amaitu nuen; ez nekien ez arre ez so. Indar guztiak hortxe amaitu zitzaizkidan. Aldizkaria behera zihoan, kobratu ezin, eta pentsatzen dut aurretik bizi izandako tentsioak eragina izango zuela.

Aldaketak eragindako tentsioaz ari zarela suposatzen dut. Nola izan zen aldaketa?

80ko hamarkadako uztailan izan zen aldaketa. Ordurako Kaputxinoak goraino zeuden gutaz. Egia esan, normala! ordurako hartua genuen bidearekin kaputxinoek ez baitzuten inola ere bat egiten. Gainera, badirudi kanpaina handia egon zela gure kontra, baina batez ere kaputxinoei kontuak eskatzen zizkien jendeak. Mugimendu bat baino gehiagoren ondoren, adostu genuen kaputxinoek aldizkaria uztea. Hori bai, mantxeta ez. Zeruko Argia mantxeta beraiek hartzen zuten, eta guk ARGIA mantxeta hartu genuen. Estepan Aldamizi esker, bere amonak gerra aurreko ARGIAren mantxeta gordea baitzuen, garai batean beraiek baitziren inprimatzaileak. Hari esker berreskuratu genuen mantxeta hura. Kaputxinoek esan ziguten bulegoa utzi egin behar genuela, Okendo 22ko bulegoa, eta zorra ordaindu behar geniela: 600.000 pezeta. Orduan kooperatiba bat sortu genuen, baina oso itota ibili ginen. Hori uztailean izan zen, elkarrekin eman genuen prentsaurrekoa bulegoan bertan, uztailetik abendura bitartean iraun nuen nik.

Tentsio handiko garaiak izan ziren?

Pentsatzen dut baietz. Sentsazioarekin akordatzen naiz, erabat hustuta egotearen sentsazioarekin. Batzuek baziren aldizkariarekin aurrera jarraitzearen aldekoak, indarra zutenak: Joxe Mari Ostolaza, Joxemi Zumalabe eta atzetik zetozen kolaboratzaile gazteago batzuk: Pello Zubiria, Josu Landa, Iñaki Uria… Horiek indar handia zuten aurrera jarraitzeko. Beste batzuek, ordea, ez genuen indarrik izan: nik neuk, Pilar Iparragirrek, Lourdes Auzmendiki, Joxe Luis Alustizak… Ukaezina izan zen tentsioa. Azken batean, guk barkua urperatzen utzi genduen, beste batzuk eutsi zioten baina gugatik barkua ondoratu egingo zen.

Gaur egun, nola ikusten duzu garai hura?

Nik ezin nuen besterik egin. Batez ere, arrazoia zera da, soldatarik ez izatea. Gainera, horko soldatatik aurreztu asko ezin izan genuen aurreztu. Alde horretatik oso argi daukat. Niretzat oso garrantzitsua zen ekonomikoki autonomo izatea, utziezinezko egoera bat zen. Eta, gero, hain agortuta egonda, nik uste ezin nuela askorik eman. Ez nuen ezer ikusten. Ordu arte ideia asko izaten nituen, “hau egingo dugu, beste hura”, baina utzi aurretik jada ez nengoen aurrera egiteko moduan. Nik uste ondo egin nuela, nahiz eta badakidan itsasontzia urperatzen utzi nuen horietako bat izan nintzela zuzendari izena gainean nuenean. Joan ginenok burumakur joan ginen, eta geratu zirenak izugarrizko ausardia erakutsi zutela ikusi daiteke gaur egun. Halaber, eztabaida ez dut uste zenik ea ARGIAri eutsi behar genion ala ez, ikusten genuen ordurako euskarazko hedabide bakarra zen hari eustea zela auzia. Ordurako jada hiru urte pasa ziren Deia eta Egin sortu zirenetik, eta jada konturatu ginen elebiduntasun hori zertan oinarritzen zen. Alegia, euskarazko kazetaritzari ez ziola askorik aportatzen, nahiz eta bata zein bestean kazetari bikainak zeuden. Baina ez zen euskarazko kazetaritza, euskaraz zertxobait baino ez zuten sartzen egunkari osoan: pitxi bat zen, euskarazko “ataltxoa” baino ez. Orduan, hori ez genuen zalantzan jartzen, euskara hutsezko hedabideei eutsi behar geniola, baina batzuk ez ginen gai izan.

Eduki zenuen tentazioa beste hedabideetara joateako?

Deiarako gonbita egin zidan Martin Ugaldek, bere garaia, baina nik ezezkoa eman nion. Lehen kontatu dudan moduan, erresistentzia moduan iraun nuen. Martin Ugaldek garantia guztiak eman zizkidan. Deia ez zen behar bada garai hartan nigandik gertuen zegoen hedabidea, egoeragatik-eta. Baina ikusi izan banuen merezi zuela, agian joango nintzen, baina nik argi nuen euskara hutsezko medioei eutsi behar geniela. Eginera joateko, ordea, ez nuen gonbiterik jaso. Are gehiago: uste dut ongi egin nuela garai hartan kazetaritzatik aldenduz. ARGIA utzi nuenean erabat ahituta amaitu nuen, eta ez nuen ezer argi, ez nuen irizpide argirik. Ondo egin nuen pixka bat freskatuta, eta irakasle lanetan hasita, nahiz eta beti argi izan dudan nik ez dudala balio goizeko 9:00etan 40 ikasleren aurrean jartzeko. Ondoren Diputazioan sartzeko azterketa egin nuen, eta aurrerago telebistan sartzeko ikastaro bat.

Zer eman dizu eta zer kendu dizu ARGIAk?

A ze galdera! Galdera zailena dela uste dut. Baina hau erantzungo dut: ni oso ARGIAkoa sentitzen naiz. Parte sentitzen naiz, nahiz eta ez izan kolaboratzaile ez ezer, baina proiektuarekin bat egiten dut oraindik ere. Uste dut ez naizela apartatu ARGIAtik, orduan zaila zait esatea zer eman eta zer kendu didan, izan ere, ez dut behar besteko distantziarik hartu hausnarketa hori egiteko. Euskal kazetaritzaren bizkarrezurra dela esango nuke, eta ni hor barruan kokatzen naiz.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA