Zerukotik lurrekora

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Artikuluarentzat izenbururik egokiena hitzaldi zikloaren titulua bera iruditu zait. Sarri asmatuta egoten dira beharrezkoak ditugunak. Zergatik ez berrerabili? Izenburu horrek biltzen ditu mendeurrenaren ospakizunerako edukiz kargatuen dauden ekitaldiak. Emanaldi ziklo bat da, Donostian egingo dena astebetez. San Telmo Museoa izanik laguntzaile, bertan egingo dira hitzaldi eta errezitaldiak.

Mendearen umeek munduari desafio hitzaldia eskainiko du Koldo Izagirrek maiatzaren 21ean, asteartea, eta honek irekiko du zikloa. Hitzaldiaren titulua eta esatekoen ikuspuntua, Gabriel Arestik duela mende erdi eta gehiago argitaratutako artikulu batetik datoz. Lantuaren eta epelkeriaren aurkako aldarri honek garrantzi berezia izan zuen kultur dinamika bat abiatzeko, etorkizuna hartzen zuenez helburu. Zeruko Argia agertoki zutela zaharkituaren eta berritasunaren artean sortu ziren hainbat eztabaida komentatzea izanen da Koldo Izagirreren hitzaldia.

100 urte, ehunka irudi hitzaldi ilustratua dago antolatuta maiatzaren 22rako, asteazkena, eta honen gidari izango dira Antton Olariaga eta Joseba Larratxe marrazkilariak. Olariagak lau hamarkadatan zehar Argiarentzako egindako marrazki garrantzitsuenen errepasoa egingo digu. Testua eta irudiaren arteko harremanak, umorea, euskara bera komunikazio tresna, postergintza, komiki-lanak, diseinua… Joseviskyk azken urteetako tendentzia berriak erakutsiko dizkigu.

Enpeinatzea ez bada libre errezitaldiak beteko du museoa maiatzaren 24an, ostiralez, Joxe Mari Ostolaza “Xalbardin”en, Malores Etxeberriaren eta Josu Landaren ahotsekin. Hirukote honen hitzetan, “ehun urte asko ote diren ez dago oso garbi, batez ere poesia maite eta bizi baduzu. Utopia iparrorratz, enpeinatu beharra da motorretako bat. Horra aldarria, poesia eta kantua bitarteko”.

Euskarazko kazetaritzaren intrahistoria bat, Elixabete Garmendiaren hitzaldiak emango dio itxiera zikloari maiatzaren 28an, asteartea. Euskarazko kazetagintzaren “nahi eta ezina” errepasatuko du, lapitz gorriarekin azpimarratuz kinka horretan egoteak ezarri dizkion ezaugarriak: normaltasun eza, militantzia, jazarpena 1936ko gerratik hasita… “heroismora kondenatua” ote euskarazko kazetaritza?

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA