25 urtez ASLEko kide izateagatik trainerua jaso du ARGIAk

argia
0
ARGIAko lehendakari Bego Zuza oroigarria eskutan.

Maiatzaren 10ean egin zuen ASLE elkarteak (EAEko Lan Sozietate eta Partaidetuak) bere 37. Batzar Nagusia Bilbon. Ohi duenez, bertako kide 25 urte bete dituzten enpresei oroigarria eman zien, elkarlana irudikatzen duen trainerua. Zazpi enpresak jaso zuten ikur hau: Mariaka kutxila eta disko industrialak; Igarle software enpresa; Osoak zirkuitu elektrikoak; Torniplasa finkatze piezak; Acelec instalazio elektrikoak; Grindel engranajeak eta Argia.

1982an sortu zen ASLE 53 enpresa bilduz

“Kasualitatez” sortu zirela azaldu digu Josetxo Hernando ASLEko kudeatzaileak. Lan Sailak Lan Sozietateentzat (gaztelerazko SAL hizkiz ezaguna) finantzazio aukerak zabaldu zituen. Hernandok kontatu duenez, ASLEren kide ziren 53 enpresen interes komunak defendatzeko sortu zen, eta enpresa hauek denak industria sektorekoak ziren, eta birmoldaketa prozesuetan sartuta zeudenak. “Lan Sozietateak figura berria ziren, langileek kapitalean parte hartzeko aukera ematen zuena eta jabetzaren gehiena langileen esku jartzen zuena. Administrazioarekin zorrak negoziatzea egokitu zitzaigun ASLEren sorrera hartan, SAL bihurtu ziren industria enpresa birmoldatu hauetan langileek aurrekoen zorrak jaso baitzituzten”.

Urte hauetan guztietan aldatuz joan da SALen egoera EAEn. Batzarrean eman zituzten datuen arabera, 2018 bukaeran 567 SAL zeuden EAEn. Gorakada begi-bistakoa da, beraz. Baina hauen izaera ere aldatuz joan da: egun industria sektorekoak SALen %43 dira (sorreran %100 ziren), beste %32 zerbitzu sektorekoak, %13 industria sektoreari lotutako zerbitzuena eta %12 eraikuntza eta hauei loturikoena. ASLEren sorrera birmoldatutako enpresei lotuta bazegoen, egun ekintzailetza enpresak eta belaunaldi erreleboan sartuta daudenak dira nagusi bere bazkideen artean.

ARGIA ASLErentzat zer den galdetuta, Zeruko Argia garaitik “askatasunaren sinbolo” izan dela erantzun du Hernandok. Saria ematerakoan, “kazetaritza independentearen ispilu” hitzekin definitu zuten ASLEkoek ARGIA .

Mila esker, ASLE, 25 urtez langileen parte-hartzea oinarri duen enpresa egiten laguntzeagatik.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA