Bixente Ameztoy Olasagasti: Azalak oihal modura

argia
0
Bixente Ameztoy 1978an. Argazkia: ARGIAko artxiboa.

[Miren Osa Galdona] Badira 18 urte Bixente Ameztoy Olasagasti (Donostia 1946- Villabona-Amasa 2001) margolaria zendu zela. Artearen peskizan egindako ibilbide oparoagatik oroitua, belaunaldi eta gizarte eredu oso baten iruditegia islatu zuen bere artelanetan. Surrealismoa oinarrian hartuta, maiz jarri zituen kultura eta industria parez pare; kontrajarriak lehen begi kolpean, elkarbizitzara kondenatuak egunerokoan. Horra Ameztoiren ildo artistikoaren azalpen labur eta azalekoa. Artista, ordea, ez zen koadro eta oihaletara mugatu: Zeruko Argiaren azal ugariren sortzailea izan baitzen 70eko hamarkada bukaera aldera Bixente Ameztoy.

Bai Elixabete Garmendiari bai Antton Olariagari eginiko elkarrizketetan biek aipatu zuten Bixente Ameztoyren maisutasuna aldizkariari lehen orria gorpuzterako orduan, eta biak bat zetozen bera bezalako diseinatzaile eta artista alboan izatea “luxua” izan dela. Joseba Sarrionandiak ere bere omenez idatzi zuen 2013an Bixente Ameztoyren azalak artikulua, eta anekdota dibertigarrien artean, artistarenganako miresmena eta maitasuna antzeman daitezke. Hona idazleak margolariaz idatzitakoak: “Eta horrela, astebete pasatu eta denboraren laburpen lez heltzen zen Bixenteren azala.

Asterik aste, ustekabekoa, harrigarria, ederra izaten zen Bixenteren portada. Eszena lasaiak, lasaitasun horretan zerbait gertatzear zegoelako airearekin.[…]. Ikonografia susmagarria, errealitatearekiko mesfidantza eragiten zuelako. […]. Behin, pertsonalki ezagutu nuen, aldizkariaren gordeleku kaputxinoan. Ez zen handinahia. Apala, berba egin baino gehiago entzuten zuen. Bai pinturan eta bai besteetan ere bila ari zela ikusten zen.

Umorea ere bazuen, umiltasunez egiten zuen barre, lehenengo bere buruaz egin behar balu bezala aske eta adiskidetasunez egiteko. Harekin egon eta, umiltasun harekin, inpresioa ematen zuen halako koadro haietako batetik irtendako pertsonaia zela. Figura bat, lekuz kanpo, askatasunaren bila, izateko derrigorren kontra, izateko aukeren bila”.

Lankide eta adiskide izandakoengandik jasotako hitz ederrez osatu da uda bezperako zutabea. Surrealista xamarra agian, baina ez ote luke kutsu bereko zerbait irudikatuko Ameztoyk egoera berean egon ezkero? Batek daki!

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA