Astean asteko portada: 1979ko urtarrilaren 28a

argia
0

[Koldo Izagirre] Bortizkeria eta iskanbila lekua baitzen Hego Euskal Herria 1979 hartan, 11.000 polizia geneuzkan, polizia bat 250 biztanleko. Aski interesgarria izan zen boterearentzat istiluak hain erraz sortzen genituen eta zizkiguten garai hura, laborategiko akuriak bezala erabili gintuzten indar zanpatzaileen demokraziaren bataioarekin zuritu ahal izateko: neurrikoa, sufritua, eredugarria bihurrarazi genuen aparatu frankista gorrotagarria. Baldin poliziak inoiz, inon, inola desmasiarik egiten bazuen, basatien aurkako autodefentsa zen. Basakeria, 1979ko San Sebastian bezpera hartan, balkoi ofizial batean ikurrinaren ondoan zegoen Espainiako bandera desagertu izana.

Portada honek adierazten digun moduan, poliziak ez zuen huts egin gero eta demokratikoagoa izateko abagunea. Neurriz, sufrituz eta eredugarri bete zuen bere egitekoa.

Bagenekien jakin komisariak legearen zeroguneak direla, baina laster ikasi behar izan genuen kolpeak eta zauriak eta hausturak esplikatzeko sinesgarritasun handiagoa daukala polizia baten hitzak, epaitegian, traumatologoaren azalpen zehatzenak baino.

Berdin da protestan, garagardo lata bat husten edo edanaren ondoko iskanbilan, herritarra aldez aurretik dago deabrutua, gorrotoa praktikatzen du beti. Berdin da polizia derrigor frankista izan barik be.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA