1970eko abenduaren 27a

argia
0

[Koldo Izagirre] Hogeita hamar urte luze honetan gozatzen dugun bakeak gorrotoa sustatu du gure ongizatea nahi ez duten indar ilunen artean…

Zorionekoak gu, Espainia bake bidean daraman estratega handiaren garaian bizi garenok…

Franco eta Bakea banaezineko izenak dira…

Horrela, egun oroz eta urteetan.

Arik eta poetak hitza hartu eta ez omen dagokion lekuan ipintzen duen arte, gure arima lokartua kontzientzia bihur dadin.

Bilbao bete daukute kez
emagalduz eta bakez
ogi beltza eta airea irabazten dira nekez
Erandion bi gizon noble hil dituzte tiro batez.

Lukas ebanjelistaren hitzak baliatu zituen Zeruko Argia-k euskaldunoi opa ahal izateko, bakearekin batera, “katiguei askatasuna” eta “zapalduak askatuta bidaltzea”. Burgosko Prozesua amaitu berria zen abendu hartan. Sei heriotza zigor. Bi egun geroago, Francok indultatu egin behar izan zituen hiltzera kondenatu guztiak, hiltzeko bina sententzia hartutakoak barne. Handiek bakarrik dakitela barkatzen komentatu omen zuen Times-ek, hala informatu ziguten La Voz de España-k eta El Diario Vasco-k eta Unidad-ek eta El Correo Español El Pueblo Vasco-k eta antzeko boletin ofizial guztiek.

Donostiako apezpikuak, berriz, indultoak Gipuzkoa baketzen lagunduko zuela adierazi zuen.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA