[Miren Osa Galdona] 1989 inguruan hasi ziren Bilboko erredakziotik lehen orriak idazten, bai behintzat modu formalean. Euskaldunon Egunkaria sortzen ari ziren garaiotan ARGIAkoak, eta bi proiektuen artean partekatzen zuten erredakzioa. Anaitasuna aldizkaria hamar urte lehenago itxi zuten, baina euskal kazetaritzarekiko grinak bizirik jarraitzen zuela argi geratu zen. Hala, ARGIAn lur hartu zuten Anaitasunako hainbat kazetarik. Laura Mintegi eta Antton Azkargorta, besteak beste. Eskulana ez ezik, aldizkariaren ondarea ere ARGIAren esku geratu zen, eta erreskadan iritsi ziren hainbat kolaboratzaile ere. Tartean ziren loratzen hasi zen belaunaldi oparoko gazteak.
80ko hamarkadaren erdialdean hasi ziren kazetari izateko ametsari helduta gaur egun pisuzko zenbait izen kazetaritzako ikasketak egiten. Imanol Murua, Luistxo Fernandez, Jose Luis Aizpuru, Xabin Makazaga, Lorea Agirre, Jon Sarasua eta Xabier Letona, besteak beste. Karmelo Landa izan zuten maisu, ikasgela barruan nahiz handik kanpo. Gernika 37-87 Batzordearen prentsa bulegoko arduraduna zen Landa, eta ikasleengana jo zuen laguntza eske, bakarrik ezin baitzituen lan guztiak egin. Lehen urrats haren ondorioa izan zen Bilboko erredakzioa; kazetaritzako praktikaldi errealista bezain gordin baten gisako itxura hartu zuten berehala kolaborazio haiek.
Iñaki Uriarte AEK-ko komunikazio arduraduna zena ere pieza garrantzitsua izan zen Bilboko erredakzioa errotzeko. Bere bulego txikiko ordenagailuak aprobetxatuz, handik idazten zituzten artikuluak. Ofizialki, baina, Ibañez de Bilbao kaleko bulego bat izan zen lehen erredakzioa. Barroeta Aldamar kalera joan ziren urtebete beranduago, Euskaldunon Egunkariako lagunekin batera. 1992-1993 urte bitartean Zabalburu Plazara lekualdatu ziren bi hedabideak elkarrekin.
“Asko eta denetik” idazten zen garaian sendotu zen Bilboko erredakzioa. Xabier Letona eta Myriam Gartzia izan ziren erredakzio hartako kazetariak, Euskal Herriaren ikuspegi osoagoa eskainiz gipuzkoartuta zegoen proiektuari. 1995ean Zabalburu Plazako erredakzioa utzi behar izan zuten ARGIAkoek, arazo ekonomikoak tarteko, ezin izan baitzuten bizirik mantendu itoaldi betean. Bizi izandako urte laburrek, ordea, oparotasuna eta harribitxi ugari utzi zituztela ezin uka daiteke; ez behintzat gaur egungo zenbait kazetariren ibilbidea non hasi zen ikusita.