[Koldo Izagirre] Norena den eskultura hau? Ez da ezein artistarena, baina gu bizi garen artean iraunen du. Desguazetik txapa batzuk hartu eta soldadura elektrikoarekin josirik osatu genuen.
Duintasunaren omenez.
Edonork ukatuko luke bere burua izuaren bulegoan. Hala ere, edo beharbada horregatik, badago torturatuari kenduko ez dioten duintasun bat. Testigantza deritza. Eta testigantzarik lazgarriena utzi zigun hark: heriotzeraino jaitsi behar izan zuen lekuko izateko. Gehiegi da krimen hartaz dakiguna, badakigu nork, bakakigu non, badakigu nola. Eta haren gorpuaz dakiguna ere gehiegi da, gezurraren pauso guztiak dakizkigu.
Bihar, ausaz, haren martiritza aitortuko dute tribunalek; bihar, eskultura xume bat baino kale bat edo plaza bat merezi duela erabakiko dute agintzen dutenek, edo eskultura berri bat auzo berriren batean.
Baina hura hilik ikusi genuenok ez daukagu eskultura ofizialen premiarik. Erreka hark leundutako edozein harri zaigu oroimen.