[Itsaso Zubiria Etxeberria] Eskutitz zoragarriak jasotzen ari gara azken aldian ARGIAn. Irudikoa ikusi besterik ez dago. Asko dira Frantziako eta Espainiako kartzeletan ARGIA jasotzen duten euskal presoak, eta oraindik ere urrunegi daudenen artean ARGIAren komunitatea handitzen ari da. Bazter haietatik ari dira heltzen kartok, eta pozez jasotzen gu, mimoz betetako hitz eta marrazkiak.
Euskal presoen sakabanaketak euskararen dispertsioa ere esan nahi baitu, ARGIAk hizkuntza dispertsatuaren distantzia mozteko tresna izan nahi du; barrote arteraino iritsi eta euskara eta Euskal Herria gertuago senti ditzaten, noski, baina baita handik etxera idatzitakoa argitaratzeko aukera eman nahi du.
Horretarako irekiko dugu leiho txiki bat orri honen alboan, hurrengo astetik aurrera. Komunitateak sare sozialetan edo posta elektroniko bidez esan izan dizkigunak argitaratu izan ditugun moduan, ARGIA leitzen duten euskal preso politikoek ere izan dezaten aukera hori. Mila esker orain arte idatzi dizkiguzuen gutunengatik!
Hemen duzu, irakurle, jaso dugun aurreneko eskutitzetako baten hainbat pasarte. Fermin Vila Mitxelenak idatzi du Alicanteko espetxetik eta izenburu hau jarri dio: Bizi nahi duen herria. Ibai ertzeko ihesaldia. “Ez da, ez ahuntzaren gauerdiko eztula Kapitalismoaren neoliberalismo zeken eta nardagarri horren haizeek kupida barik kolpatzen duten tenpus hauetan, Argia lezko proiektu bat irizpide ekonomikoetatik at dantzatzea; merkatu-askearen demokrazia horretan, diruaren kantak eta sumisioaren koloreak ordezkatu baitituzte kontzientzia eta borroka. (…)
Hargatik, haize guztiak ez daude haien alde, berehalako emaitzak alboratu eta bide luzearen arabera inbertsio errentagarritasuna neurtzen duen ikusmoldea erabat antikapitalista baita, are eta gehiago hasibide horri kontzientzia eta borroka gehitzen zaionean; alegia, euskarak pairatzen duen sakabanaketaren aurka dihardutea edota informazio eskubide unibertsalaren baitako praxian bizitzea. (…)
Zuen mendeurrenak ere ozen erakusten du nazio-askatasuna, norberak bere nazio hizkuntzan eta kulturan bizitzeko aukera, norberak bere identitate-erreferentzietan sozializatzeko eskubideak ez direla zerutik behera erortzen mirari bat izango balitz legez, ezta ere meteoritu bat lez, bizitza berau dira-eta! Eta noski, hizkuntza eta kulturaren eskubideak giza eskubideen maila berean jartzen ez dituenak ez daki zer den duintasuna. Identitate-beharrak gizatasunaren berezko ezaugarri direlako”.
Jaso dugun kartazalik politena azkena izan da, ordea. Astekaria iritsi zaigu bueltan gazteleraz “devolver remitente” jartzen duela zigilu batean, eta eskuz idatzita funtzionarioren baten oharra “Libertad“. Ongi etorria izan da karta, eta motibo beragatik bueltan etorriko diren aldizkarien zain geratzen gara.
1 Iruzkin
Mesedez, bidali Fermini (Vila) besarkada erraldoia, Hondarribiko Ana Mari, bere lehenengo andereñoaren partetik. Eskerrikasko.