[Miren Osa Galdona] 1991n argitaratu zuen ARGIAk lehen egutegi “takoa”. Bai, takoa. Hasieratik halako ezizena lortu baitu bere itxuragatik. Baina nondik dator egutegia sortzeko ideia? Ez ahal zuten nahikoa lan astez aste astekaria argitaratzearekin?
Egutegiarekin irakurle fidel eta euskaldunak saritu nahi zituen jada lurrekoa zen ARGIAk, euskaraz irakurtzeko ohitura indartu eta irakurle berriak euskarara hurbiltzearekin batera. Urte haietan ohikoena sukaldeko horman Arantzazuko egutegia edukitzea zen, edo kasurik makurrenean erdarazkoren bat. Euskarazkoa zen bakarra elizari lotua zegoen, eta santuei gorazarre egiteaz gain, ez zuen aparteko informaziorik ematen. Dinamika erlijiosoarekin amaitzeko asmoz eta Nafarroako AEKrekin elkarlanean, informazio orokorreko datuak, efemerideak nahiz ortuan barazkiak ereiteko egunen berri eskaini zituen ARGIAk lehen urtean.
Euskarazko egutegi takoak: hezteko eta alfabetatzeko
1965eko Zeruko Argiaren lehen zenbakian Nemesio Etxanizen kronika ageri da, egutegiaz galdetuz Arantzazuko ateak jo zituenekoa. “Egutegiko orritxo orrek ez du iñor bildurtzen eta poliki-poliki gure erria euskeraz irakurtzen oitzan da”. Hala zioen eraikin santuko arduradunak euren egutegiaren funtzioaz galdegindakoan. Ideia horretatik abiatuz tesia egin zuen Ana Eizagirre EHUko irakasle eta ikerlariak orain 10 urte Euzkel-Egutegiya-ren inguruan. Eredutzat ahozko hizkuntza hartzen bazen ere, XIX. mende amaieran eta XX. mende hasieran, egutegiok, dotrinak iragarritakoekin eta bertsopaperekin batera, orduko irakurketak ziren. Herri hezkuntzan eta herri irakurketan eragin handia izan dute horma-paperok, gaztelaniaz alfabetatuta zegoen gizartean euskararen gotorleku bilakatu baitziren, eta egunero egutegiko papertxoa kentzeko ohitura ezarri baitute Euskal Herriko etxe askotan, belaunaldiz belaunaldi familia erritual bilakatuz paperaren atzealdeko irakurketa sukaldeko mahaiaren bueltan egitea.
Euskal Herri euskaldunago baten alde lan egiteko konpromisoa hartuta, ARGIAk ere bere aletxoa jarri zuen 90eko hamarkadaren hasieran horma-egutegia kaleratuz, eta hala egiten jarraituko du beste urte batez bederen, 2020ko “takoa” prest baitago urte berria istorio berriekin hasteko.