Astean asteko historia: 1998ko apirilaren 5a

argia
0

[Koldo Izagirre] Hogei urte geroago, bere aitzineko lehendariek ez bezala egin du hitz Emmanuel Macronek 2019 honetan, Fresnes higuingarria bisitatu ondoan. Ona dateke lehendakari bati beste lehendakari baten esana oposatzea.

Macron lehendakariak: Gure presondegiak berrizkaturaren atariak dira.

Mouesca lehendakariak: Ados nauzu.

Macron lehendakariak: Gure sistemak batekoz bestera funtzionatzen du.

Mouesca lehendakariak: Egia da.

Macron lehendakariak: Duintasuna itzuli behar zaie atxilotuei.

Mouesca lehendakariak: Arrazoia duzu horretan ere.

Macron lehendakariak: Zigor alternatiboak ezarri behar zaizkiei delitu txipiak egiten dituztenei.

Mouesca lehendakariak: Jakizu magistratu jaun-andereek arnasa hartu bezala jaurtitzen dutela jendea giltzapera.

Macron lehendakariak: Lehenbailehen antolatu behar dira urte betez goiti zigortuentzako lekuak.

Mouesca lehendakariak: Baina egun erraz kondenatzen zaituzte bi urtetara. Pertsonei kalterik egin gabeko gaizkile apalak botako dituzu ziegetara, bizitzatik, familiatik eta lanetik etenda. Ez dator bat delitu txipiez esan duzunarekin.

Macron lehendakariak: Mila eta bostehun lanpostu berri sortuko ditugu bergizarteratzea azkartzeko.

Mouesca lehendakariak: Zerbitzu hori desblokeatzeko, zuk diozunaren halako bi beharko lirateke. Berean iraunen du desgizarteratzeak.

Macron lehendakariak: Presondegi berriak eraiki behar ditugu, zazpi mila atxilotu hartzeko lekua ukanen dugu.

Muesca lehendakariak: Presondegi gehiagok atxilotu gehiago ekarriko du. Tresna barbaroa duzu presondegia. Ez du deus onik ekartzeko balio. Zure diskurtsoa zintzoa da, baina zure erabakiak makurrak dira.

Hamazazpi urtez bere ziegan, bost urtez Nazioarteko Presondegien Behategian, lau urtez –oraingoz– Eskual Herriko Giza Eskubideen Defentsarako Batzordean lehendakari, Gabi Muesca baionarra.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA