Jose Ignazio Ansorena: Itzalpean nahiz argitan, beti gertu

argia
0
2010ean jaso zuten Argia Saria Txirri, Mirri eta Txiribiton pailazoek egindako ibilbideagatik. Argazkia: Dani Blanco.

[Miren Osa Galdona] 25 bete ditu Jose Ignazio Ansorenak ARGIAn artikuluak idazten. Pello Zubiriak galdetu zion lehen aldiz, ea “zerbait” idatziko zuen astekarian. Euskaldunon Egunkariatik itzuli berria zen Zubiria ARGIAra, eta puntako aldizkariek bezala, ARGIAk ere iritzigileak behar zituela pentsatu zuen. Hala jo zuen beste behin Ansorenarengana; ordurako ezaguna baitzen Ansorena erredakzioan, besteak beste, bertako asko guraso gazteak izanik, Txirri, Mirri eta Txiribitoni so egoten baitziren telebista aurrean, eta artista fazetaz gain, hainbat ekimenetan ere parte hartu izan baitzuen. Esaterako, Ansorenak Argia Sarien formatua aldatu zuenekoa oroitu du Zubiriak: “Behin Donostian zuen bulegora azaltzeko esan zigun, eta bertara joan ginen Joxe Mari Irazusta, Kike Amonarriz eta hiruok. Sari banaketaren eskaleta eta gidoia prest zituen gu iritsi ginenerako, zehatz-mehatz adierazita minutu bakoitzean zer egin behar zen”. Antzerkiak eman dion esperientziatik, ekitaldi asko atontzea eta antolatzea tokatu izan zaiola esan digu Ansorenak, 40 urte sudur gorria soinean ez dira alferrikakoak izan, ez horixe! Aldaketa bat edo beste egin bazaio ere, egungo Argia Sariek gidoi bera mantentzen dute, hasieran oinarri sendoa jarri zuenaren seinale. Halaber, bai Zubiriarentzat baita Ansorenarentzat ere, elkarlanean antolatutako ekitaldi kuttunena ARGIAren 90. urteurrena ospatzeko Donostiako Victoria Eugenia antzokian egin zen kontzertua da. Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, punta-puntako musikari klasikoak eta beste hainbat gonbidatu igo ziren oholtzara Ansorenaren ezkutuko lanari esker.

Itzalpean ez ezik, astekarian ere hiruhilean behin topatu dezakegu Ansorenak idatzitako iritzi artikulua. Bertako bizilaguna izanik, Donostiako Alde Zaharra pairatzen ari den eraldaketaz eta turismo masiboaren ondorioez idatzi izan du azken aldian, “zer erremedio”. Oro har, ordea, ausaz aukeratzen ditu gaiak. “Idaztea tokatzen zaidanean ordenagailuaren aurrean jarri eta barruan dudana botatzen dut; ez dut gehiegi pentsatzen zertaz idatziko dudan, ordurako ideiak mamituta izaten ditut”. “Kalapitoso xamarra” omen da, eta lehenik artikulua etxekoei ematen die irakurtzeko, “prebentzio moduan”. Idazkera zorrotza bezain festiboa duela dio Zubiriak, eta urte guztiotan erreferentziazko kolaboratzailea bilakatu dela Ansorena, “esaten dituenak kontuan hartu beharrekoak” izaten batira. Bere sinadura daramaten 46 artikulu daude argia.eus webgunean.

ARGIArekin identifikatua sentitzen dela eta orain arte bezala, nola edo ahala lotura mantentzen saiatuko dela beste urte luzez. Horiek Ansorenaren asmoak mendeurrenaren festaren bezperetan. Plazera da zu bezalakoak ondoan izatea, Jose Ignazio! Urriaren 12an 13:00etan elkartuko gara Donostiako Plaza Berrian soka-dantzan, eta egunaz gozatzen. Gonbidatuta zaudete.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA