Nola normalizatu ia zuloraino eraman zigutena

argia
0

[Itsaso Zubiria Etxeberria] Aretxabaletan izan da egun hauetan Pello Zubiria, ARGIAko ordezkari. Garabide elkarteak eskatuta, euskal kazetaritzaren historiako gakoez Hego Ameriketako hamar hizkuntza gutxituetako ordezkariei hitzaldia ematera gonbidatu dute, jardunaldi batzuen barruan. Kazetari zaharrari eman diote agindua gako horiez hitz egitera joateko, zaharrei tokatzen zaie historia kontatzea. Hitz egin du aymara, amazigha, guarania, kaqchikela, k’iche, nasa, maputxea, Yucatango maia, kitxua edo nawata hiztunen aurrean.

Hizkuntza gutxituen normalizazioan kazetaritzak jokatzen duen paperaz aritzea zen asmoa. Historiak eta bizipenak konpartitzea. Euskal Herrian euskal (edo Euskal Herriko, ez baitira guztiak oso euskal) kazetaritzak egindako ibilbideaz, emandako pausoez, ezintasunez eta 40 urteren ondoren oraindik bizirik dauden eztabaidez jardutea.

Botatako gako batzuk

Sarri ez da sortzen hizkuntza gutxitua hitz egiten den lekuan bertan hedabidea. California’ko Eskual Herriaren eta Eskual Gazetaren adibideak jarri ditu hizlariak. 1936ko gerrak dena errotik moztu zuen horretan zer sortu zen, nor ibili ziren zokoratuta baina bizirik zirauten euskal hiztunak bereganatu nahian, Elizaren edo politikari abertzaleen papera honetan… jarraitu du.

Heltzen da 1960-1970eko hamarkadako mugimendua. Europa osoko ezkerreko mugimendua. Hasten dira ikastolak dantzan, helduen euskalduntze eta alfabetatzeak, euskara batuaren eztabaida. Eta sortzen dira hedabideak elebidun edo elebakar izan behar duten eztabaidak, hizkuntzaren estandarizazioak euskalkietan izan dezakeen eraginaren inguruko diskusioa, hizkuntzak dituen hitz-jolasen galera posiblea, baina aldi berean komunikazioak beharrezko duen hizkuntz batasuna ematea.

Horren ondotik dator “eta nolako pertsonak nahi ditugu gure komunikabideetan lanean?” galdera. Profesional kualifikatuak ala ez hain kualifikatu baina konprometituak? Profesionaltasunaren eta militantziaren arteko muga lausoak.

Eta hori guztia diru publikoa tartean sartzen denean nola kudeatzen da? Nola lor daiteke komunikabide bat diru publikoz lagundua izatea eta aldi berean independentea?
“Oso kazetaritza politizatua egiten duzue”, oraindik ere aditzen da komentarioa. “Irakurle guztientzako moduko kazeta egin behar da”, diote. Baina nor dira irakurle horiek guztiak? Non daude? Ez al da hobe gure irakurleari kazetaritza konprometitu eta serioa eskaintzea, denek irakurriko dutenaren izenean zaborra eskaintzea baino?

Kazetaria gustura itzuli da etxera, emandako hitzaldiagatik baino, egin dituen harremanengatik. Ez baitira edonor etorri diren lagun indigenak. Unibertsitateko hizkuntzalari eta soziolinguistak, kazetariak edo hezkuntza munduko jende aditua.

Polita izan zen urriaren 12an Deskoloniza gaitezen lemarekin egin zen ARGIAren mendeurren festan Donostian haiekin berriz topo egitea. Argazkia testigu.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA