[Miren Osa Galdona] ARGIAren argazki galeria altxor handia da, ez baita nolanahikoa biltzen duen artxibo kopurua.
70eko hamarkadan kokatu daiteke argazki artxiboaren hasiera, nahiz eta lehenagoko datetan sinatutako makina bat obra izan dokumentatuta. Mikel Olabide da egun argazki multzo erraldoia behar bezala sailkatzeaz eta txukuntzeaz arduratzen dena. Aurtengo urte hasieratik ari da sailkatze lanetan argazki artean, eta, egiari zor, ez du lan makala egin: gaur gaurkoz, galerian 54.392 argazki erregistratu ditu; 30.179 koloretan, 24.207 zuri-beltzean. Alberto Elosegi argazkilariarenak dira irudi gehienak, artxibo osoaren herenak bere sinadura baitarama. Zer topatu zuen Olabidek lanari ekin aurretik? “Guztira 184 artxibadore daude, eta horietatik 78 pertsonen argazkiak dira, hainbat karpetetan banatuta. Nahiko lan nekeza izan da, argazki piloa baitaude eta batzuk ez dute inongo informaziorik atzealdean. Argazkiak banan-banan hartu, argazki bakoitzari loturiko informazioa aurkitu eta behar bezala sailkatzeaz arduratu naiz”.
Asko dira argazki esanguratsuak, garai eta gertakizun jakinei lotutakoak. Argazki artxiboa hemerotekarekin lotuz, eta efemerideei tira eginez, oinaze handia utzi zuen gertakariarekin egin dugu topo. Duela 35 urte, azaroaren 20an GALek Santi Brouard HASIko presidentea eta HBko Mahai Nazionaleko kidea hil zuen Bilboko bere pediatria kontsultan. ARGIA astekaria inprentara bidali eta sei ordutara hil zuen GALek Brouard. Hurrengo astekarian hilketaren inguruko erreportaje zabala kaleratu zuen ARGIAk, hiletak utzitako argazki ederrez lagunduta.
Argazkiok, gainontzeko 50.000 argazkiekin batera, guztion esku jartzeko lanetan dihardu ARGIAk. Argazki artxiboa digitalizatzen ari da, eta aurreikuspenak betez gero, lehen probak abendua iritsi orduko egingo dira publiko. Apaletan hautsa hartzen egon baino, ARGIA Jendearen eskura egotea baino zer hoberik merezi dute ba argazkiok? Laster ikusiko dugu emaitza!