[Itsaso Zubiria Etxeberria] Gustura dago taldea. Indartsu. Jende berriak beti dakar aldaketa, eta jende ona denean lantaldera gehitu dena, haizeak alde jotzen du. Jenofa Berhokoirigoin da hamaikakoan sartu den jokalari berria, eta irabazia du titularitatea.
Etxe honetako kolaboratzailea izan da 2015etik (hemen ARGIAn sinatu dituen artikuluak) eta hilean behin astekariko Argi-kontra atalean hausnarketara bideratzen gaituzten elkarrizketak egiteaz gain, beste hainbat erreportaje eta entrebista puntual ere egin ditu. 2009-2014 urteen artean Berrian kazetari lanetan aritua, ARGIAko erredakzio lantaldera batu da orain.
Lurraldetasuna. Beti puntaren bat atera beharra
Baionatik ariko da lanean. “Baionatik?”, galdetu du hegoaldekoak, asaldaturik; “baina ARGIAk ez al dauka egoitza Lasarte-Orian? Ez al da errazagoa inguruko norbait bilatu eta bulegotik bertatik aritzea?”, jarraitu du. Bai, guk beti puntaren bat atera behar, generoa ez bada lurraldetasuna, eta lurraldetasuna ez bada bilatuko dugu beste zerbait korrontearen kontra egiteko. Baina nola eraikiko dugu herri bat lurraldetasunari garrantzirik eman gabe? Eta nola zainduko dugu lurraldetasuna bertakoari kasurik egin gabe?
Herri honetan ondo dakigu kanpokoak sarri ez duela kontakizunarekin asmatzen, ahazten dituela hamaika xehetasun eta xehetasun horiek gabe ezin dela historia osoa egin. Beraz, aplika dezagun formula bera eta zaindu ditzagun zazpi lurraldeak barrutik. Konta ditzagun hango eta hemengo historiak, konta diezazkigutela haiek.
Baionatik ariko da Berhokoirigoin lanean eta Ipar Euskal Herriko aktualitatearen berri emango du. Ez soilik Lapurdiko kostaldean gertatzen denaz, Zuberoan eta Nafarroa Beherean diren mugimenduen berri ere eman nahi du.
Maiteak ditu nekazaritza herrikoia, kapitalismoaren aurrean egon daitezkeen alternatibak edo feminismoa bezalako gaiak. Azken honetatik tiraka egin ditu lehen pausoak lantaldeko kide bezala, Euskal Herriko Jardunaldi Feministen jarraipena egin baitu bertatik sare sozialetan.
“Euskaraz lan egin eta idatzi nahi dut eta ARGIAren baloreekin bat egiten dut, ez baita diskurtso soil bat, ekintzetan eta lantzen dituen gaietan antzematen dira balore horiek”, azaldu du kazetariak.
Ez da neguko fitxaje bakarra izango, beraz, adi datorren astekariko berriei.
1 Iruzkin
[…] Zubiria Etxeberria] Lehengo astean iragarri nizun, irakurle, Jenofa Berhokoirigoin ez zela ARGIAk azken denboraldian egin duen fitxaje bakarra eta hurrengo […]