[Koldo Izagirre] Historiaren injustiziak horretaratua, inperialismo hitza debekatua diogu ahoari. Gainditutako garai batekoa da. Berririk gabeko albisteak ditugu honezkero Zisjornadia, Gaza, Ramallah. Palestinar hildako. Misilak suntsi. Asentamendu. Kolono hitzak ere galdu egin du jatorrizko kutsua. Alabaina, Estatu inperialista baten aurkako matxinadarik modernoenetako bat, Intifada, zor diegu palestinarrei. Israelgo politikaren dama handiak, Golda Meirrek, arabiarrak gorroto zituela aitortu zuen, arabiarrek –palestinarrek bereziki– behartu egiten zituztelako israeldarrak gaiztoak izaten: “Barkatzen ahal diegu arabiarrei gure haurrak hiltzea, baina ezin diegu barkatu gu behartzea beren haurrak hiltzen”. Non ote daude, zer ari ote dira Garbine Ubedaren azalak dakartzan amaren seme-alabak? Sateliteei harrika, menturaz.
Intifadan, kazetariren batek –israeldarra izaten ahal zen– David eta Goliathen mitoa eguneratu zuen mundu osorako “Davidek arabieraz hitz egiten du” esanez. Bai, arabiarrek behartu egiten dituzte israeldarrak bekatu egiten, palestinarrak heroi izan daitezen. NBE beste bake plan bat ari da mamitzen.