[Miren Osa Galdona] Abendua ate joka sentitzearekin batera hasten gara Durangoko Azokan “erosi beharrekoak” zerrendatzen; labetik atera berriak diren diskoak, liburuak, aldizkariak eta beste zer nahi eskuratzeko desiran. Landakoko etxola txikien bestaldean egon behar direnentzat ere urteroko zita da, euskal kulturaren ekosistemarentzat ekoizten duten sortzaile, argitaletxe nahiz aldizkarientzat. Aldiz, halako topagunea izan ote zen Durangoko Azoka lehen urtean? 1965eko azaroaren 7ko Zeruko Argian topatu dugu erantzuna.
“Ogei euskal argitaldari Durangoko liburu azokan”. Hala ekarri zuen Zeruko Argiaren 114. zenbakiak Durangoko Azokaren lehen edizioa azalera. Zeruko Argiakoak ere euren produktuak saltzen aritu ziren hiru egunez; egun ez bezala, urriaren 30, 31 eta azaroaren 1ean izan zen hitzordua, eta Landakon ez, Elizako arkupeetan jarri zituzten estreinakoz salmenta postuak. “Euskalerri guziko jendea bildu da Jakintza-Agerpen onen inguruan”, dio albistearen sarrerak. Bi argazki ageri dira, bata bestearen azpian: eskuak gurutzatuta dituen gizon bat lehenengoan, eta hiru emakume bigarrenean, liburu eta produktuei begira.
Zeruko Argia ezin zitekeela lehendabiziko euskal liburu eta diskoen azoka nagusitik kanpo geratu idatzi zuen Aranburuk, artikulua sinatu zuen kazetariak, eta “batzordekide” ere Durangon izan zirela dio: Aita Agustin Ezeiza eta Jose Salegi jauna. Irakurri daitekeenez, aurkezpen ekitaldia goizeko hamarretan izan zen, eta Berrizko dantzariek banakoarekin eman zioten hasiera hiru eguneko egitasmoari. Abesti saioak ere izan ziren, albokariek eguna soinu ederrez girotu zuten, eta ikus-entzunezkoen proiekzioak osatu zuten agenda kulturala.
Zein liburu izan zen salduena? Zeruko Argiak egin zuen galdeketaren arabera hauek, gaztelaniaz idatziak gehientsuenak: Batalla de Vitoria Arabako Leize zuloetako taldearen ikastaldiak, Obras completas de José María Iribarren; Arlotadas; Pastores y pelotaris vascos en Estados Unidos; Álava Sola de Arte y Fé; Camino de Santiago; Escudos Biasonados; La pesca de la ballena; eta Cancionero Vasco, besteak beste. Euskarazko argitalpen arrakastatsuenen artean, 1965eko Bertsolarien Txapelketa, Lauaxetaren liburuak, Eguberriko Abestiak eta Eusebio Bilbaoren hauspo eresaldiak daude.
“Zorion betea” opa zien Aranburuk artikuluan Gerediaga elkartearen kideei, halako egitasmo eder bat aurrera ateratzeagatik. Geroztik gauzatu ez den ideia interesgarria ere plazaratu zuen: “Durangok jarri du lenengo arria. Noraino zabalduko ote da emen asitako etxea eta erakusketa? Aurrera ba, beldurrik gabe!”. Zeruko Argiaren “gogoa” desira halako plazak Euskal Herri guztian barrena zabaltzea zen; euskal kulturak Donostian, Gasteizen, Bilbon nahiz “Bidasoaz beste alde” liburu bete plaza eduki zitzan.