[Koldo Izagirre]
Uhain ertzean Ziburu
farolak luze leinuru
dena dakiten gizon argiek
herria dute ilundu
Uhain ertzean Ziburu
zuek eta gu bi mundu
sutara doaz guretzat ziren
mila eta bost liburu
Uhain ertzean Ziburu
bake zapiak zimurtu
alferrik ari zarete gutaz
lepo beretik bi buru
Uhain ertzean Ziburu
ariak zerbait irun du
aberats gaude xede zintzotan
asmo gaiztoak ditugu
Uhain artean Ziburu
arrisku batzuk inguru
hemen dakargu etorkizuna
egon gaberik aiduru