Epaitegira eraman nahi dutena informatzeko eskubidea da, esan genuen duela urtebete. Orain epaile batek berretsi du. ARGIAko Lander Arbelaitz kazetariak 2018ko maiatzean bi ertzainen jarreraren inguruan zabaldutako informazioa adierazpen askatasunaren eremuan kokatu du epaileak. Areago, ertzainei gogorarazi die, kazetariak orduan gertatutakoaz bere bertsioa eman zuen bezalaxe, haiek ere hori bera egiteko aukera dutela, bide penaletik jo gabe, espetxe zigorrik eskatu gabe.
Arbelaitzek sareratutako bideoa milaka aldiz ikusi da eta bertan oso argi islatuta dago gertatu zena. Eta hala ulertu dute, epaileak ez ezik, Hizkuntz Eskubideen Behatokiak, 400dik gora kazetarik, euskaltzalek, hedabidek eta eragilek. Baita Ertzaintzaren goi karguek ere, publikoki barkamena eskatu zutenean. Baina ez. 22.125 eta 23.044 ertzainek jarraitzen dute zigorra eskatzen.
Bi ertzain hauei ez zaie gustatu hizkuntz eskubideen urraketa baten aurrean hainbat lagun isilik geratu ez izana: euskaraz hitz egiteko eskaerari eutsi zion Eneka Alvarez, Poliziaren jarduna espazio publikoan grabatzeko eskubideari eutsi zion ARGIAko kazetaria eta hauen babesean agertu diren euskaltzale eta eskubide zibil eta politikoen aldeko ekintzaile andana. Ahaztu zaie nonbait, herritarren zerbitzura eta ordainpean dagoela Polizia, eta herritarren kritika publikoak jasotzea polizien lanaren barruan dagoela, zenbait epaik ebatzi duten gisara.
Eta, berriz diogu, ez gara esaten nekatuko: Polizia grabatzen jarraitu behar dugu. Gardentasun ariketa izateaz gain, gero eta argiagoa delako askotan herritarrok gure burua babesteko dugun bide bakarra dela. Ala, norbaitek uste ote du bada, bideorik grabatu eta zabaldu ez bagenu, epaiketara eramango gintuztenik? Polizia batzuek ez dute haren lanaren ispilurik nahi, Mozal Legearen ikuspegi zigortzailearen epelean erosoago bizi dira.
Ertzaintza euskaldunon Polizia?
22.125 eta 23.044 ertzainek ARGIAri kontraste eza leporatu diote. Mozal Legea baliatuz, epaileen inolako kontrasterik gabe eta haien hitza zigortzeko argudio bakar bilakatuta, euskaraz artatua izatea eskatu zuen Eneka Alvarezi isuna jarri zioten ertzain berek.
Galdera da, zertarako erakundeek eskatu herritarrei Ahobizi izateko ahalegina egitea? Ondoren, herritarron oinarrizko eskubideak babesteko ardura publikoa dutenak baldin badira eskubideak urratzen dituztenak, berriki Durangon bezala? Eta batzuetan jarrera euskarafoboa agertuz gainera, azken egunetan Galdakaoko BeƱat Armentiaren kasuan ikusi dugunez.
Ertzainek euskara jakin behar dute. Ertzainek hizkuntza eskubideak bermatu behar dituzte. Kalean, ertzain etxean eta epaitegietan. Haien ardura da. Lehen mailako eta bigarren mailako pertsonarik ez badugu nahi, behintzat. Aitzitik, lehen hitza erdaraz zuzentzen duten ertzainik ez dugu behar. Eta edozein ardura publikotik kanpo beharko luke euskaraz artatua izateko eskaerari mehatxuka erantzuten dion funtzionario orok.
Beste garai bati dagokion polizia eredu erdaldun eta erdaltzale, bertikal, sasi-militar, zigorzale eta opaku hau ez du inork aukeratu. Aldatu beharra dago eta bada garaia herritarrok gai honi buruz hitza eta erabakia izateko.
Injustiziez zerbait badakigu bazterrotan. Elkar babesten jarraituko dugu. Kazetaritza independentea, adierazpen askatasuna eta hizkuntz eskubideak ditugu bidelagun. Eta haien defentsan, ondo baino hobeto dakigu espaloitik ez jaistea dela justizia egiteko bide zuzena.
1 Iruzkin
Horrelakoak gertatzen diren bakoitzean, beti zalantza berbera datorkit burura: zenbat ote dira Ertzaintzan euskarafobikoak? Arazoa ez da euskaraz ez dakitela , berez oso larria dena, baizik eta EZ DUTELA euskaraz EGIN NAHI! Eneka Alvarezen kasuan, nork sinesten du ertzain horrek ez dakienik esaten “Eman zure karneta (mesedez)”? Galdera da: zer egiten dute Arkauten polizia hauek horrelako nazka edukitzeko? Ez dakit euskara zenbat irakasten zaien, zer maila eskatzen zaien, baina garbi dago gure hizkuntzarekiko errespetua, zer esanik ez maitasuna, ez dutela nolaz ere barneratzen!
Hori ez al da EZGAI kontsideratzeko arrazoi nahikoa??