Astelehenetik igandera eguneratuko dugu ARGIA.eus, goizean goizetik gauera

argia
0

Koronabirusak oso denbora gutxian aldatu du guztion egunerokoa. ARGIAn egoera baliatu dugu, zaintza erdigunean jarrita, aparteko jauzi bat egiteko: egunero, astelehenetik igandera, goiz eta gau berrituko den hedabide digital bilakatu gara. Lehen aldiz gure historian.

Egunero 6:00etatik 21:00etara elikatuko dugu ARGIAren webgunea kazetari guztien artean, bakoitzaren eguneroko beharretara egokituta. Koronabirusari ahalik eta jarraipen zorrotzena egiteko antolatu dugu lana.

Bizitza eta osasuna muinean

ARGIAk bizitza eta osasuna jarri ditugu erabakien muinean: horregatik erabaki genuen langileok martxoaren 12an ARGIA osoak etxetik lan egingo zuela. Hurrengo erabakia astekaria paperean ez argitaratzea izan zen (martxoaren 18an), Antza inprimategiko eta Correoseko langileak babesteko neurri gisa. Orain beste pauso bat eman dugu: paperik ezin bada, buru-belarri interneten arituko gara erredaktore guztiok.

Antolaketa berria: zaintza erdigunean, jauzi

Egoera berriak aldaketa izugarriak ekarri ditu denon egunerokora. Itxialdiak zaintza lanak berrantolatu beharra ekarri du. Langileok lantokian zortzi orduz aritu ahal izateko, orain artean gizarteak zaintzaren pisua batez ere emakumeengan, familiengan eta zerbitzu publikoetan jarri du. Konfinamenduak zaintza lana erabat etxekoen bizkar utzi du, egunaren ordu guztietan.

Beraz, zaintza lana eta ARGIAko lana uztartzeko berrantolatu behar izan da langile bakoitza. ARGIAren apustua krisi honetatik indartsuen ateratzea izan da. Horretarako, langile guztien etxeko askotariko egoerak kontuan hartu ditugu, lantaldea osasuntsu aritzeko moduan egoteko. Prest gaude beraz konfinamendu egoera asko luzatzen bada ere kazetaritzari zorrotz eusteko.

 

Egunero, eta ordutegi zabalagoan

Ez hori bakarrik. Langile bakoitzaren egungo egoera berezia baliatu du webgunean ARGIAk eskaintzen duen zerbitzuan jauzi kualitatiboak emateko. Horretarako gakoa da langile bakoitzaren izaera, gustu eta bizimoduan dagoen aniztasuna talde osoarentzat ekarpena dela kontziente izatea eta berau baliatzen jakitea.

Zehazki, langile bakoitzak adierazi du konfinamenduan zein ordutegitan duen aukera ordu batzuk ordenagailuan zentratuta eskaintzeko. Eta zein kazetaritza mota egiten duen egungo baldintzetan gustuen.

Lehen aldiz bere historian egunero-egunero berrituko den hedabide digitala izango ARGIA, astelehenetik igandera eta 6:00etatik gaueko 21:00etara. Inor esplotatu gabe noski, antolaketa berriak bermatzen baitu kazetari guztiek bi egun jarraian jai izaten jarraituko dutela. Eta eguneko zazpi ordu eta erdiko lanaldia izaten jarraituko dugu.

Babestu ARGIA, informatzen jarraitu dezan

Krisiak aukera ere badira, oinarriak garbi dituzten taldeentzat. ARGIAk internet bidezko kazetaritza gehiagorekin erantzungo dio krisi honi, konfinamendu garai hauetan herritarrentzat are funtsezkoagoa delako behar bezala informatuta egotea. Den-dena, ohi bezala, libre eta doan. Informatuta egotea eskubidea da eta eskubideekin espekulatzea ez da onargarria.

Momentu ekonomiko zailak bizi eta biziko ditugu guztiok, baina gure harpidetza sistema berritzaileak horretara egokitzeko aukera ematen du. Sistema solidarioa, hortzak estutu behar diren garaietan ere, inor atzean utzi gabe, denok aurrera jarraitzeko.

Baina garbi esan behar da: ARGIA irakurtzen duten milaka lagunetik –CIESen arabera 2019an 59.000 irakurle paperean eta webgunean 1,7 milioi bisita– ehuneko txiki batek baizik ez du proiektua laguntzen ekonomikoki. Horregatik, ARGIA babesteko eskatu nahi dizugu, egin zaitez elkar zaintzen duen komunitate honen kide.

Herritarren konpromiso hori gabe ezin izango genuke, esaterako, koronabirusak ekarriko dituen arriskuez ohartarazi (kontrol soziala, murrizketak, paradigma aldaketa…) eta jendearen erantzun kolektibo eta solidarioak zabaldu.

Eutsi goiari lagunok, hemendik ere aterako gara.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.

ARGIAko Blogarien Komunitatea - CC-BY-SA