[Itsaso Zubiria Etxeberria] Kontua ez dago brometarako. Badira ia bi aste etxean sartuta gaudela eta oraindik okerrena ikusteko omen gaude. Txarrean ateratzen ei da sarri ona ere eta inguruan ari naiz sumatzen hori. Eta ez, ez naiz bereziki ari balkoi eta leihoetatik herria hamaika ekintzekin entretenituta mantentzeko ahaleginetan ari direnez (zentzu txarrik gabe, horrelakoak ere behar ditu jendeak), ez bainaiz jolas horietan gehiegi inplikatzen den horietakoa. Batzuk ari dira etxean maskarak egiten, besteak herriko aiton-amonei erosketak egiten, haurrak zaintzen… Eta badira beste batzuk, kontua serioa dela oso jakitun, baina egun hauei umore pixka bat jarri nahi izan dietenak. Entzun duzu “Oasiko kronikak”, ARGIAren umore podcast berria? Igandetan 22:00etan jarriko da entzungai astean asteko atal berria.
Hemen lehenengo atala entzungai:
Saioaren lehen emanaldia martxoaren 22an ezagutu dugu entzuleok. Itxura batera eman dezake konfinamendu egoeran gauden bitarterako dela emankizuna, herritarroi etxeko egonaldia arintzeko beste terapia bat. Baina aitortu digute lehendik zutela estilo honetako umore saio bat egiten hasteko ideia. Zumaiako gogoeta jardunaldietatik datorrela asmoa. Hasiera batean urtarrila zuten estreinaldia egiteko data buruan, baina atzeratu egin da kontua, eta oraintxe ikusi dute arrankatzeko aukera paregabea. Esan dizuet lehen ere, batzuk badakite txarrari ona ateratzen, eta ARGIAko hauek ari dira zukua ateratzen konfinamenduari.
Bideogintzan esperientzia
Denok gogoratuko ditugu “Hitzetik Ultzera”, “Beranduegi” edo “Damutuko zaizute” saioak. Umore saioak denak, baina ikus-entzunari lotuak. Orain moda podcast-a da eta ARGIAk ere egiten ditu bereak; orain arte astekariko edukiei lotuak. “Oasiko kronikak” saioaren egileek astean behin zabaltzeko emankizuna prestatzea dute helburu.
Baina egoera arraroa hautatu dute hasteko. Orain arteko podcast-ak Lasarte-Oriako egoitzan prestatuta duten tresneriarekin egin dituzte: soinu-mahaia, mikrofonoak, aurrez aurrekoa… Orain berriz, denbora batean bakoitzak bere etxetik egindako grabazioak irratsaio osoa muntatuko duenari bidali eta hark egin beharko ditu maniobrak, denak elkartu eta txukuntzeko. Baina horrek ere badu bere xarma eta errealismotik asko. Entzulea jartzen du benetako egoeran, koronabirusak astean zehar utzi dituen albisteak kontatzen dituzte bakoitzak bere “kobazulotik”.
Bi kolaborazio ere izango ditugu saio hauetan. Batetik ariko da Aimar Uribesalgo “Teoren abenturak eta kalentura” atala osatzeko, eta bestetik gonbidatu berezi bezala Ruper Ordorika, kazetari honek jakin duenez Arantzazun omen dago konfinatuta fraide artean, eta handik ariko omen da musika hautatzen, bere disko guztiak berarekin eraman baititu santutegira.
1 Iruzkin
[…] umorezko irratsaio berezia argitaratzen da sarean: Oasiko kronikak. Konfinamendua aitzakia polita izan da lehendik zetorren ideiari forma eman eta martxan jartzeko. […]